GARA > Idatzia > Kultura

Europak Internet bidez musika jaisten dutenen nortasuna babesteko pausoa eman du

Promusicae izenaz ezagun den auzian aurrerapauso garrantzitsua eman dute. Izan ere, Promusicaek Telefonicari musika jaisten dutenen izenak emateko eskatu zion, eta Europak gaitzetsi egin du neurria.

GARA | MADRID

Auzia Promusicaeren, espainiar Estatuko Ekoizleen eta Editoreen Elkartearen, eskaera baten ondotik etorri zen. Elkarteak Telefonica enpresari P2P sistemari esker musika Internet bidez jaisten dutenen nortasuna argitzeko eskatu zion, hau da, erabiltzaile hauen izen abizenak eta bestelako datu batzuk eskuratzeko eskaera egin zuen.

Promusicaeren eskaera ikusita, Madrileko merkataritza-epaitegiak Europako Erkidegoetako Justizia Auzitegira jo zuen, eta horrek esan du, orain telefonia-enpresek ez dutela datu horiek guztiak eman beharrik.

Ez daude behartuta

Horiek hala, Europako epaitegiak esan du Europar Batasuneko kide diren herrialdeek Internet bidez musika jaisten dutenen nortasuna ez dutela argitara eraman behar, ez daudela horretara behartuta, behinik behin.

Hori bai, EBko herrialdeek legedia moldatu beharko dute epaitegiak esandakoaren arabera, babestutako oinarrizko eskubideen arteko orekari eutsi ahal izateko.

Erabakia ikusita, Promusicaek Espainiar Gobernuaren erantzunaren zain dagoela esan du. Bere ustez, Gobernuak Telefonica nolabait behartu behar du Internet bidez musika «ilegalki» jaisten dutenen datuak ematera.

Erabaki hau ikusita, Internauten Elkarteak eskubide zibilak «kulturaren bitartekarien» gainetik jarri direla esan du.

Elkarteak esandakoaren arabera, ez dute «kulturaren eskubide kolektiboaren eta bakarkako egile eskubidearen arteko oreka ezartzeko beharra» zalantzan jartzen, baina ez dute onartzen hau indarrean jartzeko aukeratutako neurria; kulturaren erabiltzaileen kriminalizazioa eta kanona, alegia.

Kanonaren inguruan ere bada berririk, todoscontraelcanon.es izeneko plataformak, kanon digitalaren aurka egiteko sortutako plataformak, jaso dituen bi mila sinaduren alde agertu baitira beste behin, Internauten Elkartekoak. Izan ere, SGAE, AISGE eta EGEDAren hitzetan, sinadura hauek guztiak: «ez dira existitzen». Honen aurrean, plataformak ziurtatu egin du sinadurak «argipean eta takigrafoz» egin direla.

Era berean, Internauten Elkarteko lehendakari Victor Domingok sinadura hauek guztiak Datuen Babeserako Agentziara, Senatura, Diputatuen Kongresura, Kultura eta Ekonomia Ministerioetara, eta Arartekoarengana helarazi dituztela argitu du. «Hauek guztiak beren NANarekin batera bidali ditugu», gaineratu du Domingok.

KANONA

Internauten Elkarteko lehendakari Victor Domingok esan du todoscontraelcanon.es plataformak bildutako bi mila sinadurak «argipean eta takigrafoz» bilduak direla. Horrela erantzun die Domingok, besteak beste SGAEk, egindako kritikei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo