Sarkozyren ohartarazpenak gauzatu eta sei laborari atxilotu ditu Gendarmeriak
ELBk espero zuena gertatu zen atzo, Gendarmeriak sei laborari eraman baitzituen goizean goiz. Horien artean, Fred Larrañaga, Ainharbeko Kako baserria eskuratu nahi duen nekazaria. Hain zuzen ere, afera horren inguruan izandako gorabeheretatik datoz atxiloketok.
Arantxa MANTEROLA |
ELBk joan den astelehenean azaldutako beldurrak eta kezkak egia bihurtu ziren atzo. Sarkozyk Pauera egindako bisitaren ondotik, laborarien sindikatuko kideak atxilotzea gerta zitekeela adierazi zuen orduan. Atzo, goizean goiz, hogeita hamar bat gendarmek sei nekazari (5 gizon eta emakume bat) atxilotu eta beraien etxeak miatu zituzten.
Horietako bat Fred Larrañaga da, Kako baserria erosi eta bertan lanean jarraitu nahi duen laboraria. Hain zuzen ere, Ainharbeko etxalde horren inguruan sortutako gorabeheretatik eratorri dira atzoko atxilotzeak. Etxaldea noren esku utzi erabaki behar zuen SAFERek, (landa-eremuen antolaketaz arduratzen den erakunde ofiziala) urtarrilaren 17an, Donapaleun. Larrañaga sostengatzera joandakoen eta gendarmeen artean istiluak sortu ziren. Gendarmeriak dionez, liskar haien ondorioz, bi gendarme zaurituak suertatu ziren.
Egun batzuk geroago, Sarkozyk Capbretonen hildako bi guardia zibilen jazoera eta Donapaleuko gertakariak nahasiz, «terrorismoa, arrazakeria, mafia» eta antzeko hitzak erabili zituen. «Hori egin zutenak harrapatuko ditugu eta ordaindu beharko dute» ohartarazi zuen.
Atxiloketak egin ostean, 300 bat laborari elkartu ziren Ainhize-Monjolosen, eta handik Baionako Gendarmeriara jo zuten sei nekazariei sostengua helarazteko eta «manipulazioa» salatzeko.
Elkartasuna
LABek gogorki salatu ditu gertakariok eta «botere politikoaren interesak zein laborantza produktibista eta intentsiboaren aldekoen mesederako besterik ez diren gezurrak eta manipulazioak» direla gaineratu du. Atxiloketak «probokaziotzat» hartu dituzte.
Ildo beretik, Batasunak salatu du «hedexuriek egindako amalgama zikina». Maule, Amikuze eta Baigorriko kantonamenduetako EH Bai-ko hautagaiek ere «mespretxua eta errepresioa» baztertzeko eskatu diote Estatu frantsesari. Askatasunak, berriz, «antolatzea eta borrokatzea zigortzen» dela adierazi du eta «herri honetako aldarrikapenei errepresio basatiarekin» erantzutea leporatu dio Parisi.
Baionako fiskalak «nahita egindako erasoak, irainak, lapurreta eta txikizioa» leporatuko dizkie atxilotuei. «Eduki arrazistako» akusazioa ez du egingo. Gaur jakinen da zer segida izango duen aferak.