Laborantza eredu baten aurkako errepresioa
Atzo Euskal Herrian izan ziren atxiloketak iragarrita zeuden. Nicolas Sarkozy presidente frantsesak berak iragarrita. Argi utzi zuen ELBko kideek joan den astean Donapaleun egindako mobilizazioak ordaindu egin beharko zituztela. Oro har, berak borroka zigortu egingo zuela. Horretarako, presidente frantsesak bere estiloari, berria ez den estiloari, eutsi zion. Laborarien protestak «terrorismoaren kontrako borrokaren» testuinguruan kokatu zituen, nahaste-borraste interesatu bat eginez, tartean arrazakeria-jarrerak ere aipatuta. Sei laborariren atxiloketa izan da horren lehen ondorioa. Borondatezko indarkeria, laidoak eta degradazioa egotzi zizkien fiskalak. Horren guztiaren atzean, ordea, ez dago ordena publikoko arazorik, are gutxiago, errepresioaren bidetik konpon daitekeenik. Ainharbeko Kako baserria ustiatzen ari diren gazteak handik botatzeko Landa eremuen Antolaketa eta Garapenerako Erakundeak (SAFER), irizpide ekonomiko hutsez, duen asmoaren aurkako protestak kriminalizatu eta zigortzea, Ipar Euskal Herriko laborarien interesen defentsaren aurkako erasoa da, handia eta nabarmena. Laborantza Ganbera oztopatzeak bezala, egunotako aferak agerian utzi du lurraren defentsari loturiko laborantza eredua dela frantses erakundeen benetako arazoa. Espero izatekoa zen erantzun arrazionala ez da, inola ere ez, laborarien kontrako errepresioa.