GARA > Idatzia > Mundua

Txinako Armada alerta gorrian dago neurrigabeko elurteari aurre egiteko

Txinan azken urteotako elurterik handiena ari dira jasaten egunotan. Milioika pertsona Urteberriko oporrak direla-eta beren jaioterrietarako bidean zirela irten ezinik daude geltoki eta aireportuetan. Gobernuak Armada jarri du lanean egoera horri aurre egiteko.

GARA |

Txinako Gobernuak Armada mobilizatu du elurteek eragindako arazoei aurre egiteko. Urte berria ospatzeko garaia da bertan eta, ohitura denez, txinatarrak beren jaioterrietara joaten dira oporretan. Aurten, ordea, elurrak arazo ugari sortu du garraiobideetan eta horregatik, milioika dira bidaiatu ezinik dauden txinatarrak.

Askapenerako Herri Armadako 46.000 soldadu, gutxienez, eta indar paramilitarretako kideak jarri ditu Gobernuak lanean elurrari eta izotzari aurre egingo diotelakoan. Chine Nouvelle agentziaren arabera, dagoeneko dozenaka pertsona hil da azken egunotan eguraldiak eragindako istripuen ondorioz.

Bestalde, «China Daily» egunkariak gaineratzen duenez, Armadak «soldaduei Txinako hegoaldean erori diren elur jasei aurre egiteko agindu» die.

Horrez gain, milioi bat polizia ere lanean jarri dituzte elurteek errepideetan eragin duten kaosa konpon dezaten. Osasun ministroak ere 14.000 polizia eskatu ditu gaixoak zaintzeko.

Wen Jibao lehen ministroa Kantongo (Txinako hegoaldean) geltokira joan zen, txinatarrak lasaitzeko helburuarekin komunikabideen aurrean agerraldia egiteko. Herritarrak kezkatuta daude Txina osoan elektrizitatea moztu egin dutelako.

Prezioak gora

Eguraldi txarra dela-eta lekaleen prezioak gora egin du hamaika probintziatan. Zenbait tokitan duela aste batzuk zuten balioa biderkatu egin da orain. Errepideen egoera kaxkarrarengatik, kamioiak ezin dute aurrera egin eta hiri batzuetan jaki eskasia eragin du horrek.

Horiek horrela, litekeena da inflazioak ere gora egitea, eta Txinako Gobernuarentzat zein herritarrentzat beste kezka bat sortuko litzateke horrela.

Ehunka mila bidaiari geltokietan, aireportuetan eta errepedieetan irten ezinik daude, batez ere Guangdong-en (hegoaldea), esportazioan lan egiten duten enpresa nagusiak han kokatzen dira-eta.

Miloika langile saiatu da egunotan bertatik irteten euren jatorrizko herrietara joan eta urte berria (otsailaren 7a) etxekoekin ospatzeko.

Halakoak milaka dira Kantongo geltokian. Poliziak zein trenbideetako langileek zailtasun handiak dituzte ordena zaintzeko. Tren bat abiatzear ote dagoen zurrumurrua piztu denean eta berehala jende pilaketa izugarriak sortzen dira geltokiko nasetan.

«Nire lantegian lo egiteko erabiltzen den tokia itxi egin dute eta ezin naiz bertara joan», plazaratu du Zhou Wei izeneko bidaiari horietako batek.

urterik txarrena

«Duela 16 urte bizi naiz Kantonen eta aurten ikusten ari naizena ez dut inoiz ikusi», adierazi du hiri horretako lantegi bateko behargina izanda bertako tren geltokian irten ezinik dagoen Li Gang-ek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo