GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ikasleen protesta artean onartu du EHUk bere «zerrenda errepresiboa»

Unibertsitatea azterketetan murgilduta egon arren, EHUko Klaustroak ikasleei begirako «arau hauste eta zigor zerrenda» onartu zuen atzo. Ikasle Abertzaleak bertan egon zen, eta barruan zein kanpoan, ikasleriaren hitza errespetatzeko eskatu zuen. Zinpeko zaintzaileek ordea, Ertzaintzaren laguntzarekin, protesta oro eragozteko asmoz, borren eta ostikoen bidez, ikasleak Klaustrotik kanporatzeari eta euren aldarria isilarazteko ahaleginari ekion zioten.

p016_f02_111x111.jpg

Oihana LLORENTE |

Ikasleriaren aldarrien eta beharren aurrean itsu, mutu eta gor egoteaz gain, beren hitzarekiko errespetua galdegiten zuten hainbat ikasle zinpeko zaintzaileek eta Ertzaintzak borraz eta ostikoz jipoitu zituzten EHUk Leioan duen campusean. Klaustroaren bilera zuten atzo, eta jomuga nagusia ikasleen «arau hauste eta zigorren zerrenda» onartzea zen, kosta ahala kosta.

Ikasle Abertzaleak taldeak neurri horien atzean «disidentzia politikoaren kriminalizazioa eta errepresioa ofizializatzea» dagoela antzematen du eta hortaz, «zerrenda errepresiboa» deritzonaren onarpena dela-eta, ezadostasuna agertu nahi izan zuten. Klaustroan bertan ikasle ordezkariak euren eserlekuetan kateatuz, eskuorriak banatuz eta oihuen bidez inposizio hori geldiarazteko eskatuz egin zuten protesta. Kanpoaldean aldiz, «Gurea da hitza. Bologna gelditu beharko duzue!» leloa hartu eta 50 lagun inguruk elkarretaratzea egin zuten.

Zinpeko zaintzaileak ordea, protesta oro galarazteko borretaz baliatu ziren, lehen-lehenik, kanpoko ikasleak Klaustrora bertara ez zitezen. Ondoren, aretora sartu ziren eta ikasle guztiak irtenarazi zituzten.

Ikasleria Klaustrotik ateratzearekin nahikoa ez, eta kanpoan ere ikasleen kontra oldartu ziren zaintzaileok. Bertan, gainera, Ertzaintzaren bi talde mugikor zain zeuden ikasleak saka- banatzeari ekiteko.

IAko eledun Gorka Zozaiak GARAri azaldutakoaren arabera, bai Klaustro barruan bai kanpoan, «zinpeko zaintzaileek eta trajez jantzitako poliziek egurtu eta bortizki kaleratu gaituzte». Azpimarratu zuenez, «ostikoak eta borra kolpeak jaso ditugu eta arrastaka atera gaituzte bertatik gure aldarrikapena errektoreari helarazteagatik».

Bien bitartean, Unibertsitateko organo goreneko bilkurak, eten barik, aurrera jarraitu zuen, ikasleei begirako «arau hausteen eta zigorren zerrenda» onartzeko, ikasleriaren ordezkaririk gabe eta irakasle ugariren hutsunearekin izan arren. Bilkuraren ostean gainera, gertatutakoaren irakurketa berezi bat helarazi zuen Klaustroak, non ikasle protesta «bortxazko jokabidea» izan zela adierazi eta euren aurka «beharrezko neurri guztiak» hartu direla, eta etorkizunean ere, hartuko direla berretsi zuten.

Protesta, kanporatzeko zioa

EHUk atzo onartutako neurriek eragin andana izango du ikasleriarengan. Haren bidez 28 arau urraketa eta lau zigor maila aurreikusten dira. Horren arabera, Unibertsitateak antolatutako ekitaldi batean protesta egiteagatik, adibidez, ikasleak ikastegitik kanporatuak izan daitezke. Kanporatze horiek gainera, aldi baterakoak edota behin betikoak izan daitezke. Horretaz gain, zigor aldian, ikasleak ezingo du bere espedientea beste unibertsitate batera aldatu.

Irakasle askok ikasleekin bat eginez, neurri hauei ezezko boza eman nahi izan zioten. Ikasleen aurkako jazarpena ikusita, ordea, Klaustrotik atera ziren ezadostasuna agertzeko eta hala, bozkatzeko aukera galdu zuten. Horren lekuko, Arantza Urkaregi dugu. Klaustroko mahai- kidea da baina ez zenez bertan geratu, ezin izan zuen hitza hartu. Berak esan behar zuenaren berri jaso zuen egunkari honek, eta nabarmendu zuenez, «zigor hauek ez dituzte konponduko arazoak». Bizikidetzaren «kontra» ere egingo duela uste du, eta Unibertsitatea, jakintza gune izanik, gatazkak konpontzeko bestelako bideak lantzeko eremua izan behar litzatekeela azpimarratu zuen. Hala, zigorraren bidea baino, joko arauak adostearen alde agertu zen.

Leioako campusean atzo jazotako iskanbila «hitza eta erabakia ukatzetik» datorrela uste du Euskal Herriak Bere Eskola taldeak. Hori dela-eta, bere iritziz, Unibertsitateko komunitate osoari galdetu beharko litzaioke zer nolako unibertsite eredua nahi duen.

IA: «Demokrazia eske sartu gara Klaustrora»

Ikasle Abertzaleak antolakundearen arabera, EHUk erakutsitako jarrera «bortitza bezain argigarria» izan da. Bertako organo gorenean, Klaustroan, erabakiak hartzeko erabiltzen den «demokrazia» gogor gaitzetsi zuen. «Ikasleen ahotsa hutsaren hurrengora murriztu, eta katedradunena gehiengo absolutura altxatzen» dutela salatu zuen.

Klaustrora «demokrazia eske» sartu zirela nabarmendu zuen ikasle antolakunde horrek, eta Unibertsitateak Bolognaren aurkako mugimendua onartu ezin, eta «mehatxu eta kolpeen bidez, modurik ankerrenean gerarazteko apustua» egin duela adierazi zuen.

Bestetik, «zerrenda errepresiboa» onartzeko data azterketa garaian jarri izana ere salatu zuen IAk. Alta, Euskal Herriak behar duen unibertsitate ereduari buruzko eztabaida gauzatzeko eskatzen eta Bolognaren aurkako borrokan «tinko» jarraituko dutela berretsi zuen ikasle antolakundeak. O. L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo