Igor Urrutikoetxea Zornotza
Maslamani palestinar iraultzailearen omenez
Joan den urtarrilaren 7an Ahmad Maslamani palestinar iraultzaile zintzoa Ramalan hil zen, bihotzekoak jota.
Maslamani Palestina Askatzeko Herri Fronteko (PAHF edo FPLP) buruzagia zen, ezkerreko militante erreferentziala. Medikua zen lanbidez eta Health Work Committees osasun arloko erakundean ere aritzen zen zuzendari gisa.
Maslamanik oso gazterik ekin zion askapen nazional zein sozialaren aldeko bideari eta horren ondorioz, herri zapaldu bateko kide izateagatik, zenbait aldiz atxilotu eta espetxeratu zuten. Hil orduko, guztira zazpi urte eginak zituen Israelgo espetxe sionistetan, palestinar preso politikoek pairatzen dituzten baldintza gogorretan.
Euskal Herrian ere egona zen, 2006. urte amaieran azken aldiz, eta gure Herriaren askapen borroka gertutik jarraitzen zuen. Adibidez, Euskal Herritik urtero Palestinara joaten diren brigadistei ere harrera beroa egiten zien.
Halaber, Ipar Hegoa Fundazioak 2007an Palestinaren egoeraren inguruan formakuntza liburua argitaratu zuenean, sarrera idazteko eskatu zitzaionean, horrela egin zuen eta bertan bere testigantza politikoa irakur daiteke. Idazlan horretako pasarte batean honela dio: «ibili beharreko bidea gogorra izan arren, gure Herria prest dago bide hori jende solidario guztiarekin egiteko, Estatu palestinarra lortzeko ametsa betetzeko, tirania eta herrien mendetasuna ezabatzen laguntzeko, nazioak itotzen dituen globalizazio neoliberal hiltzailearen ondorioei aurre egiteko eta era horretan justizian, demokrazian eta giza eskubideetan oinarritutako mundu libre bat sortzeko».
Soukran (mila esker) guztiagatik Maslamani!