GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora

Finalerdietan izango diren biko guztiak zein diren argituko da

J.L. | DONOSTIA

Urrezko Aizkorako finalerdietan izango diren biko guztien izenak, bai helduen mailakoak, bai gazte mailakoak, zein izango diren argituko da asteburu honetan.

Helduetan, final laurdenetako hirugarren kanporaketa jokatuko da bihar Zeanurin, 20.00etatik aurrera. Larretxea eta Atutxa II.a Peñagarikanoren eta Lasaren aurka neurtuko dira.

Kanporaketa estua iragartzen da. Alde batetik, Larretxea eta Atutxa lehiaketa hau irabazteko faboritoen artean daude, baina bestetik, Lasa eta Peñagarikano ere, oso indartsu agertzen dira. Beizamakoa Otañoren ordez arituko da.

Laugarren eta azken kanporaketa, berriz, etzi eguerdian jokatuko da Urretxun. Bertan, Azurmendi eta Ugarteburu Aierbe II.aren eta Arrospideren aurka neurtuko dira. Norgehiagoka horrek ikusmin handia piztu du. Lau aizkolariak dira inguru berekoak, eta elkarrekin asko aritutakoak. Bikote bata zein bestea izan daiteke irabazle.

Nazabal-Mugertza III.a eta Vicente-Lopez bikoteek jadanik finalerdietan izateko txartela eskuratuta daukate.

Gazteak

Gazteetan, berriz, lehen faseko azkeneko jardunaldia jokatuko da, eta hemen ere finalerdietan izango direnen izenak zein diren jakingo da. Bihar eguerdian, Legution neurtuko dira Larretxea lehengusuak eta Mindegia-Erasun, 12.30etik aurrera. Mindegia eta Erasunek derrigorrez irabazi behar dute, eta 36 segundotik gorako aldea atera, bestela, Larretxeatarrak sailkatuko dira. Olano eta Saralegi jadanik sailkatuta daude.

Beste multzoan, etzi izango dira, Urretxuko jaialdian, Alkizalete II.a eta Miugertza III.a Rodriguez II.aren eta Kañamares III.aren aurka. Bi bikoak sailkatuta daude finalerdietarako, orain arte jokatutakoa irabazi egin baitute. Horien lehian multzoko lehen postua egongo da jokoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo