Sokatira Mundiala
Euskaldunak berriro ere nazioartean lehiatzeko moduan izango dira
Nazioarteko Federazioak beste presidente bat du, euskal taldeei berriro ateak ireki dizkiena eta, hala, Italiako eta Suediako Mundialetan izango dira taldeok
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Euskal Herriko taldeak berriro ere nazioartean lehiatzen izango dira. Hilabete honetan Italian jokatuko den Munduko Txapelketan parte hartuko dute, eta udazkenean Suedian jokatuko den lur gainekoan ere bai.
Azkeneko lau urte hauetan ez da talde euskaldunik aritu ez Mundialetan ez Europakoan. Auzi hori orain dela zazpi urte hasi zen Japonian, eta orduan Joko Ez Olinpikoak ziren jokoan. Sakana taldeak urrea irabazi zuen, eta Espainiako ereserkia jarri ziotenean, podiumetik alde egin zuten. Ordura arte, euskaldunak Frantziaren edo Espainiaren izenean bakarrik joan zitezkeen, baina handik aurrera egoera gogortu egin zuen Nazioarteko Federazioak, eta azkenean euskal taldeek parte hartzeari uko egin zioten.
Aurten, berriro, Mundialetan izango dira. Hego Euskal Herrikoak kluben mailan bakarrik arituko dira eta ez dira Espainiako talde bezala agertuko, baina Ipar Euskal Herrikoak, Ñapurrak, behintzat, Frantziaren izenean arituko dira, bai klub mailan, bai nazio mailan.
Nazioarteko Federazioan aldaketa egon da, beste presidente bat dago eta euskaldunei, hain zuzen ere, ateak zabaldu dizkie horrek. Euskal Herriko Federazioak ordezkaritza bat antolatu zuen pasa den hilaren 12an egitekoa zen bilerarako. Bertan adostutakoaren berri eman zuen Aitor Esnaolak, Gipuzkoako Federazioko presidenteak: «Italiako Munduko Txapelketan eta Suediakoan, klubek parte hartu ahal izango dute klub mailakoan, baina ez nazioartekoan. Nazioarteko Federazioaren emaitzetan, karteletan eta gainerakoetan ez da Espainia hitza agertuko, soilik COIrekiko harremanetan agertuko da Espainia hitza, erakunde horrek ez baitu besterik onartzen, beraz nazioarteko lehiaketetan guk ez dugu Espainia ordezkatuko», esan zuen Esnaolak.
Joxelu Retegik, aldiz, Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu nahi izan zuen: «Nik, Nafarroako ordezkari naizen aldetik, salatu nahi dut Jaurlaritzaren jarrera, denen gainetik jarri nahi izan duela ikusi baitugu, eta uste dugu, herrialde guztiak batera joan behar dugula, zazpiak batera, denon artean atera behar baitugu hau aurrera» esan zuen Nafarroako presidenteak.
Kontraesanak
Atzo egin zen prentsa agerraldian ez zen inongo taldetako ordezkaririk izan, baina haren berri jakin ostean, talde ezberdinetako kideak komunikabideekin harremanetan jarri ziren beren iritzia emateko. Hasteko, kluben haserrea agertu nahi izan zuen Abadiño taldeko kide den Edu Mendizabalek. «Federazioak, urtarrileko bilera aipatu zuen, baina gauza bera egin genuen klubok irailean. Orduan lur gaineko mundiala zen, eta Nazioarteko Federazioarekin hitz egin genuen, eta orain Euskadiko Federazioak lortutako akordio bera lortu genuen. Bakarrik, Federazioaren baimena behar genuela, eta antza Euskadikoak ez zigun sinestu nahi, eta beren bilera egin arte ez digu baimenik eman. Baimena urtarrilean heldu da, eta horregatik gaude haserre, oso berandu delako, eta ez dugulako Mundiala prestatzeko denbora askorik izan», esan zuen.
Ñapurrak taldeak ere bazuen argitzeko konturik: «Guk Euskadiko Federazioari garbi utzi genion, Euskal Herria ordezkatzen joaterik baldin bazegoen, gu, bai klub mailan, bai nazio mailan Euskal Herriarekin joango ginela, eta ez Frantziarekin. Baina hala ez baldin bazen, gu Frantziaren izenean joango ginela, eta horrelaxe egingo dugu. Klub mailan parte hartuko dugu, eta nazio bezala ere bai, Frantziaren izenean. Maila horretan parte hartzeko oraingoz daukagun aukera bakarra da», esan zuen Gabi Etxart taldeko presidenteak. Abadiño, Ñapurrak, Baiona, Berriozar eta Badaiotz dira Munduko Txapelketan parte hartuko duten taldeak.