Aldapeko sagarraren adarraren puntan...
Dorleta URRETABIZKAIA
Aktorea eta idazlea
Sagarrak protagonismo guztia duen egun hauetan, Joan Brossa -ren mozorrodun sagarra aurreratu egin zaigu aurten, sagardotegi denboraldiarekin parekatuz ia. Datorren astelehenean, hau da, hilaren 4an, ospatuko baitira aurten Max sariak. Bisurteagatik aurreratu ote dira? Edota Goya sarien ondoan egon nahi izan dute, zinema eta antzerkia maitale bereiztezin bilakatu nahian? Ez dakit, baina aurten sagar festa sagardotegietan izateaz gainera, Sevillako Lope de Vega antzokian ere ospatuko da. Bi antzezlan izango dira lehenengo saria irabazteko lehia bizian egongo direnak: Calixto Bieitok zuzendutako «Plataforma» antzezlana eta Fernando Limak zuzendutako «Marat-Sade» antzezlana. Azken hau Alfonso Sastrek moldatutako testua izango da eta, duela bost urte ohorezko saria jaso zuen gure idazle hau, moldaketa onenaren kategorian izendatua egongo da oraingo honetan. Puntaren puntan, txoria zegoen kantari...
Euskarazko antzerki idazlerik onenaren postuan, haur antzerkiagatik guztiak, badira ezagunak zaizkigun hainbat hautagai. Aizpea Goenaga «Ni ez naiz txotxolo» testuagatik; Maite Agirre, Ines Martinez eta Santiago Ortega «Haur kabareta» testuagatik eta Patxo Telleria, Julen Gabiria eta Jose Antonio Portillo «Abentura antzokian» testuagatik. Txiruliruli, txiruliruli, nork kantatuko ote du soinutxo hori...
Gaztelaniazko antzerki testurik onena ere Joan Mayorga-k idatzi eta Ur antzerki taldeak taularatutako «El chico de la última fila» izan daiteke. Eta errebelazio sariari dagokionez, Gayarre antzokiak ekoitzitako «Las tres hermanas» eta Katubeltz taldearen «Gris mate» izan daitezke. Nork kantatuko ote du soinutxo hori...
Gure herriko sagarrek sagardoa ematen digute. Adarrek sua pizten digute. Eta txoriek belarriak kantuz betetzen dizkigute. Baina nork kantatuko ote du bertako antzezlanen berri? Euskal Aktoreen Batasunak egin izan zuen duela zortzi bat urte arte, baina, gauza bat dela eta bestea dela, kentzea erabaki zen. Kanpoan gure lanek parte hartzen badute, ez al genuke geuk ere kantu egin behar? Horra hor txoritxoaren kantuak ezkutatzen duen galdera... Nork kantatuko ote du soinutxo hori...