GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Hamahiru segundo, eta urteak, sobera

Aspaldiko partez, hedabideetako lehen albiste izan da azken asteotan Juan Maria Atutxa Barne sailburu ohia. Joan den astean askatasunen defentsan txapeldun agertu ondoren, borradunen buru zeneko garaia gogoan, nonbait, beste batzuk argitzen saiatu direna ezin argiago utzi zuen berak herenegun. Auzitegi Goren espainolaren zigorra jaso berri duen ekintza, Sozialista Abertzaleak desegiteari uko egitea, alegia, ez zen bere erabakia izan, Legebiltzarrarena baizik. Ez du Legebiltzarreko kideentzako zigorrik eskatu, baina bai, hurrengo legez kanporatzeari begira, Auzitegi Goren horri proposamen bat egin: EHAKko kideei parlamentari izaera kentzea. Nik, munduan beste askok legez susmo txarrak hartzeko joera baitut, egingo nuke proposamena Atutxaren alderdiaren nahia dela. Hartara, arazoa hamahiru segundotan konponduko litzateke. Sailburu ohiak aukera eman izan baliote konponduko zuen bezala.

Legebiltzarreko Mahaiko kideen kontrako zigorra dela-eta, hiruko Gobernuko alderdiek galdetu dute ea Gasteizko Legebiltzarra bigarren mailakoa ote den. Eta nik, errezelo txarrerako joera gainditu ezinik, uste dut eurek ere bazekitela hori, herri honetan ogia erostera ateratzen den edonork dakien bezala. Kontua da oraingoan modu grafikoagoan erakutsi dutela, metropoliko epai eta guzti. Legebiltzar horrek zenbat erabaki hartu ditu adierazpen hutsetik harago joan ez direnak? Hainbat kontutan ez duela eskumenik esango dute. Zein gaietan ditu eskumenak, ordea? Hain zuzen ere, eskumen horiek emana zioten maila Gasteizko Legebiltzarrari metropoliko Auzitegiak baino lehen. Larriena, beraz, ez da indar politiko bat legez kanporatzea, ezta Atutxa, Knorr eta Bilbao zigortzea, Legebiltzarraren maila hain nabarmen agerraraztea baizik.

Hobe zenuen isilik, Juan Mari, pentsatu bide dute jeltzale batek baino gehiagok. Baina Juan Mari egiatia da, eta hamahiru segundo sobera ditu parlamentariak kalera botatzeko. Ez al zituen, bada, urteak sobera izan ETA, harako Y taldeak etaJarrai gauza bera zirela iragartzeko, askoz geroago Madrilgo auzitegi beldurgarri batek berretsiko zuen moduan?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo