GARA > Idatzia > Ekonomia

Epaiketa hilaren 21era atzeratu dute eta aske utzi dituzte ELBko sei laborariak

Asteazkenetik polizia etxean atxilotuta zeuden ELBko sei laborariak aske utzi zituzten atzo. Baionan, haien kontrako epaiketa egin behar zuten atzo, baina abokatuak defentsa prestatzeko astirik ez duela izan azaldu eta epaileak onartu ostean hilaren 21era atzeratu zuen.

GARA |

Jendarmeriak asteazkenean atxilotu zituen ELBko sei laborariak aske utzi zituzten atzo, haien aurkako epaiketa otsailaren 21era atzeratu dutela jakinarazi ostean.

Izan ere, sei atxilotuak Baionako epaitegira eraman zituzten atzo, bertan epaiketa azkarra egiteko helburuarekin, baina haien abokatu Yolanda Molinak defentsa prestatzeko astirik izan ez duela azaldu ostean, epaileak eskaera onartu eta epaiketa otsailaren 21era atzeratzea erabaki zuen.

Baionako epaitegiaren kanpoaldean ehunka lagun bildu ziren atzo, laborariei sostengua helarazteko. Fiskalak «nahita egindako erasoak, irainak, lapurreta eta txikizioa» leporatu dizkie sei nekazariei.

Salatutako laborarien artean, Fred Larrañaga bera dago, Kako baserria erosi eta bertan nekazaritza lanetan jarraitu nahi duena. Hain zuzen ere, Ainharbeko etxalde horren inguruan sortutako gorabeherak direla-eta gertatu dira atxiloketak; SAFERek etxaldea noren esku utzi behar duen erabaki behar baitzuen urtarrilaren 17an, eta egun horretan Donapaleun Kako baserriaren alde izan zen mobilizazioan sortu ziren istiluak.

ELAren sostengua

ELA sindikatuak elkartasuna adierazi zien atzo ELBko sei kideei, eta hilaren 21ean Baionako epaitegiaren aurrean egingo den protestan parte hartzera deitu zuen.

ELAren iritziz, «atxiloketa hauek ELBren aurkako erasotzat hartu behar dira, eta erakunde honetako iturriek dioten bezala erakundearen izen ona zikindu nahi dute horrelako polizia operazioen bitartez».

Bestalde, sei laborariek LABen eta Batasunaren sostengua jaso dute egunotan, baita Askatasuna errepresioaren aurkako mugimenduarena ere.

elkartasuna

Ehunka lagun bildu ziren atzo Baionan, laborariei sostengua emateko. ELA sindikatuak ere elkartasuna helarazi, eta 21eko protestan parte hartzeko dei egin zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo