GARA > Idatzia > Editoriala

Demokraziari buruzko dikotomia faltsuak

Giza eskubideen estandarrak oso desberdinak dira toki batetik bestera. Termino absolutuetan konparaezinak dira, eta termino erlatiboak arriskutsuak dira auzi hauetan. Halere, Amnesty International (AI) edo Human Rights Watch (HRW) entitateen urteko txostenek giza eskubideen bilakaerari buruzko mundu mailako irizpideak markatzen dituzte neurri handi batean. Zalantzarik gabe, entitate horien lana kritikagarria da -beraien txostenek iradokitzen duten «mendebaldekeria» agerikoa da-; baina ezin da ukatu ezartzen dituzten ildoak, orokorrean hartuta, munduan zehar giza eskubideen egoera zein den hobeto ezagutzeko garrantzitsuak direla.

HRWen 2008ko txostenak «demokrazia faltsuen» auzia azpimarratzen du. Mendebaldeko herrialdeek «demokrazia faltsu» horiek interes ekonomikoengatik onartzen dituztela salatu dute aurtengo txosten horren bidez. Pakistan edo Errusia jartzen dituzte «demokrazia faltsuen» adibide gisa. Hauteskundeak egiten dituztenez, herrialde horiei demokrazia izaera aitortzen diete «demokrazia tradizional» delakoek. Alegia, HRWen ustez zuzenbide estatua edota hauteskunde sistema ez da, berez, demokraziaren sinonimo. Horraino ados egon gaitezke. HRWk ezarritako printzipioari buelta ematen diogunean dator arazoa. Izan ere, printzipio horretaz egin duten formulazioan ez da argi ikusten «demokrazia tradizional» deitutako horiekin ere ez ote den gauza bera gertatzen. Demokrazia gaur egungo egitateen arabera neurtu behar delako, ez tradizioaren arabera.

Gurera begira, txostenak salatzen du frantziar Estatuak bere kolonia izandako herrialdeetan jokatzen duen rol ekonomiko eta politikoa. Espainiar Estatuari dagokionez, ordea, emigrazio politikekiko kezka azaltzearekin batera, torturaren zigorgabetasuna aipatzen du. Dena den, hasieran aipatutakoari helduz, mundu mailako konparazioak arriskutsuak dira. Beste gauza askorekin gertatzen den bezala -ongizate estatuarekin, adibidez-, estatu hauek Alemania, Finlandia edo Herbehereak bezalako herrialdeekin konparatzea arriskutsua delako, horiek guztiak Europar Batasunaren parte izan arren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo