KRITIKA pop
Argi I(z)tsugarria
Anartz BILBAO
Kuriosoa da sarri atzerriko talde handiei suposatu dizkiegun pausu eta jarrerak etxean ikustea. Ken Zazpi taldeaz ari gara, noski. (Nerabeek) Maitatuak dira gurean gernikarrak... eta (haiek) badakite. Horrela uler daiteke Ken Zazpik (edo disko etxeak) zaleei egiten dien eskaintza. Egun, Rafa Sardinas grammy saridunak ekoiztutako «Argiak» laugarren lana du aurkezgai taldeak. Ondo-ondo iragarria, salmentetan errege bihurtu da boskotea, euskarazko merkatuan kopuru sineztezinetara helduta (Oihukak esana).
Zuzenekoan ere ahalegin berezia nabari zaio taldeari, aretoetatik hasita. Gu, Arriaga antzokian izan ginen herenegun, ikuskizun argitsu eta aratza ikusteko. Ez ditugu ekoizlearen lana norartekoa izan den gonbaratzeko beste ikertu aurreko lanak, baina egia esan, disko eta zuzenekoaren arteko jauzirik ez genuen somatu Harreguyk gidatu soinuan. Argietan berriz, nabarmentzekoa (beste behin) Ullaren lana, berrikuntza ugarirekin, bikain.
Aurrez irabazitako zale sutsuen aurrean, eskenatokiari iltzatua eta beltzez agertu zen taldea, protagonismo nagusia (bakarra) Eñaut abeslariaren gain utzita. Abestu baino sinistu egiten ditu honek abestiak, interpretatuz (etxekoei kritikatu eta kanpokoei laudoriatu ohi dieguna).
Britaniar pop talde izarren sonoritatez (U2, Coldplay, Oasis...), «Ez nau izutzen» kantuarekin hasi eta «Zapalduen olerkia»rekin bukatu, lau eta berdintsu samarra egin zitzaigun ikuskizunak «Gernika» kantuan hartu zuen intentsitaterik handiena. Tamalez, ikuskizun bikainak ez gintuen «Malen» eta «Hilargia» kantuak abestu zituzten gaztetxoak beste hunkitu. Adin (aurreritzi) kontua, seguru.
Taldea: Ken Zazpi.
Tokia: Arriaga antzokia (Bilbo). Data: Urtarrilak 29 eta 30.