GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Herrian da jada Endika Iztueta deportatu santurtziarraren hilotza

GARA |

Atzo goizeko 10.30 aldean iritsi ziren Endika Iztueta euskal deportatuaren gorpua eta bere senideak Sondikako aireportura. Atarian zain bildu ziren, ikurrinak eskuan, hainbat herritar, euskal preso ohi eta ezker abertzaleko kide. Hantxe bertan abegi ona egin zioten, eta dantzarien aurreskua izan zen zendutako errepresaliatuari eskaini zioten lehen omenaldia. Aireportuaren inguruan Guardia Zibi- laren presentzia nabarmena izan zen, Askatasunak jakitera eman zuenez.

Beste aldetik, arratsalde partean, Santurtziko Udalean mozio bat aurkeztu zuten. Haren bidez, Iztuetaren senideei eta lagunei elkartasuna adierazteko eta familiari diru laguntza emateko eskatzen zen, gorpua etxeratzearen gastuak ordaintzen laguntzearren. Udalbatzak, ordea, ez zuen mozioa eztabaidatu, udal arautegiaren arabera hori ezin dela egin argudiatu baitzuen alkateak.

Hala ere, osoko bilkuraren amaieran herritarrek hitza hartu eta, Udalbatzako kideei eskatu zieten mozioan egindako eskaera betetzeko. Udaletxe kanpoan hainbat lagun batu zen Udalak hartutako erabakia salatzeko.

Bestalde, Iztuetaren heriotza dela-eta, Santurtziko herriko plazan bihar 18.00etan egingo dute amnistiaren aldeko mugimenduak deitu duen ekitaldi politikoa, «Euskal Herrian libre bizitzeko eskubidea» lema hartuta.

Endika Iztueta 1985ean atxilotu zuen Polizia frantsesak, Ipar Euskal Herrian errefuxiatuta zegoela. Parisek Cabo Verdera deportatu zuen. Afrikako herrialde horretan egin zituen 22 urte, eta joan den urtarrilaren 24an hil zen, lantoki zuen Praiako Ospitalean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo