GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Patxi Salaberri UPVko irakaslea

UPV

Enpresa-kudeaketa besterik eskatuko ez lukeen irakaskuntza- erakunde erraldoia da egungo UPV delakoa

Bat. Ezaguna da, izenez bederen Euskal Herrikoa izateko bokazioa erakutsi nahi zuen lehen unibertsitate hari hegoak mozturik geratu zitzaizkiola jaio zen unean berean, eta, ondorioz, euskal ordainaren esanahia ez duen erdal País Vasco delakoaren esparru urriagora murriztu zuela bere eginkizuna. Errealismoa aitzakiatzat, eta klasikoaren lasciate ogni speranza delakoa lelotzat hartuta, posibilismoaren aparkalekuan utzi zuen laster asko jaio aurretik izandako itxaropen oro.

Urteak igaro ondoren, zirrikitu bat ireki zitzaion esperantzari sentsibilitate ustez samurrago bat UPV bideratzera ausartu zenean. Zirrikitu itxaropentsua, inolaz ere, hurbilean agertzen ziren erronka berriei egokiro erantzuteko modukoa baitzirudien. Lau urteren buruan, baina, idor samarra da panorama, nonbait errealista bihurtu baita sentsibilitate hura ere.

Eta, okerrago dena, aldi berean UPVri gauza asko ahaztu zaizkio, horrela -ziplo, esango genuke-, ibilaldiaren amaieran. UPVri zeharo ahaztu bide zaio, esate baterako, beste estilo sortzaileago eta dinamikoagoa ezar zezakeela bere baitan, ohikeriak eta burokraziakeriak neutralizatuz, funtsezko eginkizunak lehenetsiz eta kideen parte hartzea bultzatuz. UPVri ahaztu egin zaio unibertsitate baterantz abiatzeko aukerak eta eragozpenak mahaigaineratzeko parada ezin hobea izan duela. UPVri ahaztu egin zaio europar konbergentzia neoliberalak suposatuko duenaren inguruan hausnarketa sakona ahalbidetzea. Ahaztu egin zaio, halaber, eztabaida- eta erabakitze-foroak (klaustroa, besteak beste) lehenagotik zeuden izozte-egoeratik ateratzea eta indar berriz sustatzea. Are gehiago: ahaztu beharrean, memoria hoberenarekin gogoratu ditu gure pedagogiatik ezabatuta ziruditen mekanismo errepresibo guztiak, bai borra eta ostikaden bidezkoak, eta bai zigor-orrien bidezkoak.

Eta erabateko naturaltasunarekin egin du guztia, unibertsitateak sentsibilitate berri hartan jarritako itxaropenaren derrigorrezko ondorioa izan beharko balu bezala.

Bi. Enpresa-kudeaketa besterik eskatuko ez lukeen irakaskuntza-erakunde erraldoia da egungo UPV delakoa. Izatez, kudeaketa esparru horretatik at dagoen guztia (xedeak, diseinuak, hausnarketak, eztabaidak), guztia, unibertsitateari ez dagokion kontu bat bezala hartzen da definizioz, hots, UPV barnean ezin erabaki daitekeen zerbait bezala. Eta bertan ezin erabaki daitekeenaren aurrean konklusioa beti da ildo berekoa: ez da eztabaidatzen; areago: planteatu ere ez da egiten.

UPV interesatuago dago barne-egonkortasuna iraunarazten, su-pindar oro itzaltzen, «prozesua» (europar konbergentziarena, alegia) modu «zibilizatuan» ezartzeko bideak lautzen, Bolognarekiko kezkaren aurrean ezikusiarena egiten eta, behin baino gehiagotan, hartaz erakutsi diren diskurtso kritikoak zigortzen eta deskalifikatzen. Interesatuago horretan guztian, berriro diogu, eta ez unibertsitate bati definizioz -eta, batez ere, bere buruaren norabideak hain errotik aldaraziko zaizkionean- legozkiokeen eztabaida-hariak mahaigaineratzeko eta jorratzeko ahaleginetan, edota UPVk berezko baino berezkoago dituen hizkuntza eta kulturaren etorkizuna prestatzekoetan.

Ondorioz, hasiak gara, jada, aurrerantzean etengabe erabiliko diren «gaitasun» eta «zeregin» kontzeptu konbergenteak -zientzia ezagutzekin izan beharko lituzketen uztardurak inolaz ere kalibratu gabe- barneratzen. Ezari-ezarian. Eta akritikoki, zeren UPV guztiak ezaguna duen Zygmunt Bauman bezalako soziologo batek zorrozki iradokiak ere inoiz ez baitira, lan-hipotesi gisa bederen, gurearekin uztartu nahi izan: «Los cambios educativos se vinculan así de forma creciente al discurso de la eficiencia, la competitividad, la rentabilidad y la rendición de cuentas, y el objetivo declarado de los mismos es el de inculcar en la fuerza de trabajo las virtudes de la flexibilidad y la movilidad, así como habilidades básicas y relacionadas con su desempeño laboral».

Eta ezkerra, ezker tradizionala, sindikala, modernoa zein postmodernoa, enteratuko ez balitz bezala, bitartean. Nonbait, UPVren enpresa-homologazioa zilegizko bilakatzeko geratu zaigu bera ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo