Igogailu baten gora-beherak, gorabehera handiak eragin ditu Zumarragan
Jada martxan da Zumarragako etxebizitza baten kanpoaldean jarri duten igogailua, baina aldameneko etxeko bizilagunak epai bidean dira Udalak emandako lizentzia legezkoa ez dela uste dutelako. Kasua bitxia da, igogailua ez ezik eskailerak ere jarri baitituzte kanpoan.
Maider EIZMENDI
Kalean, kontu-kontari zegoela izan zuen proiektuaren berri Sorkunde Irigaraik. Aldameneko etxeko bizilagunek igogailua jarri behar zuten etxean. Honaino dena ondo, asko baitira igogailurik ez, eta egokitzen ari diren etxebizitza bloke zaharrak. Igogailuaren nolakotasuna eta kokapena bilakatu dira Zumarragako Legazpi kaleko bizilagun hauentzat arazo. Hamalaugarren zenbakian bizi dira eurak eta hamabigarrenean jarri dute ditxosozko igogailua.
Behin eta berriz diote ez daudela igogailua jartzearen aurka, igogailuak eragin dituen ondorioez kexatzen direla, eta Udala jotzen dute, lizentzia eman duena izaki, gertatu denaren errudun. Etxe barruan sartzen ez zela argudiatuta, kanpotik jartzeko proiektua egin zuten Legazpi kaleko 12. zenbakiko bizilagunek. «Zuten asmoaren berri izan genuenean arkitekto batekin hitz egin genuen eta bi proposamen egin zituen, barruan jartzekoa bata, eta kanpoan, baina metro bat soilik kanpora zuela egitekoa bestea. Udalean erakutsi genituen bi proiektuak eta igogailua egin duen arkitektoak ezin zirela esan zuen eta kito». Eginda eta martxan dagoen igogailua 4,8 metro irteten da fatxadatik kanpora. «Igogailua ez ezik, eskailerak ere atera dituzte, eta barruko eskailera zuloa, etxebizitzen artean banatu dute».
Igogailua jartzeko egindako estruktura hain handia denez, 14. zenbakian bizi diren bizilagunek dituzten leiho batzuen parean geratzen da. «Gerta daiteke, etxebizitzak egin behar dituztela-eta ikuspena murriztea. Hori gauza bat da, baina barnean egin daiteken igogailu batek murriztea bestea. Gainera, bitxia da, baina eurei balkoiak ateratzeko baimena eman diete zer eta igogailuak ikuspena murrizten zielako», adierazi du Sorkunderen senarrak, Patxi Iraetak. Horretaz gain, ingurua eraberritzeko zegoen proiektua ere baldintzatzen duela uste dute. «Erribera guztia konponduta dago, gure etxe atzeko eremua izan ezik. Hau ere konpontzeko asmoa dago eta igogailuaren estrukturak baldintzatu egin dezake». Hain justu, horixe izan zen aurretik Udalak proiektua baztertzeko erabili zuen argudioetako bat, horregatik ez dute ulertzen orain zergatik eman dioten lizentzia.
Tramitazio guztia hasi gabe ere, bukatu gabe zuten igogailua. «Erreklamatzeko aukera genuen garairako, igogailua eginda zegoen jada», kritikatu du Iraetak. Gainera, Udalak igogailua oinarrizko behar gisa jotzen du. «Gu ados gaude, baina mota honetako igogailua ez da beharrezkoa». Udalak lur publikoa kudeatzeko duen moduarekin kezkatuta agertzen dira. «Sinbolikoki euro bat kobratu zien igogailua jartzeko erabili duten terrenoagatik, ezin da lur publikoa modu horretan xahutu». Denek gauza bera eskatuz gero zer egingo luketen galdetzen dute. «Izan ere, honek aurrekaria ezartzen du guztientzat». Gainera, lurzoruan hartzen duen eremua bakarrik hartzen dute kontuan, eta ez gero egitura osoak hartzen duena.
Arartekoak arrazoia eman
Arartekoarengana jo zuten 14. zenbakiko bizilagunek. Honek urte bukaeran erantzun zien eta, gomendio gisa, Udalari berriz ere lizentziak azter zitzan eskatu zion.
Zumarragako alkate Anton Arbuluk (PSE) oraindik ere ez dutela ezer erabaki adierazi du, baina hirigintza komisioan Arartekoaren ebazpena aztertzea erabaki zela jakinarazi du. «Behin hori aztertzen dugunean mintzatuko gara», adierazi du, beste azalpenik ez duela emango esatearekin batera.
Bien bitartean, auzia epai bidean dago jada. «Zer gertatuko da epaitegiek egindakoa legez kanpokoa dela erabakitzen badute? Zeinek ordaindu behar du hori guztia, bizilagunek edota Udalak herritar guztien diruarekin?», galdetzen dute.
Izena eman nahi izan ez duen 12. zenbakiko bizilagun batek gustura daudela adierazi du. «Hemen jende heldu asko bizi da eta igogailua behar-beharrezkoa genuen». Sortu den polemikarekin harrituta agertzen da: «Lehengoan irakurtzen nuen prentsan Udalak emandako lizentzia ez ote den legala, eta neure artean pentsatu nuen arazoak egongo zirela». Aldameneko bizilagunak horren gustura ez egotea ulertzen du, «azken batean, traste handia da eta, agian, bistak kentzen dizkie». Legezkoa ez dela jo eta botatzeko beldur ote diren galdetuta, berriz, zera dio: «ez dut uste, gainera, jada martxan dago».