GARA > Idatzia > Txirrindularitza

Amateurra

Talde euskaldunak denboraldi berrian lehiatzeko prest dira

Naturgas Energia Araban eta Urnieta-Biyo Gipuzkoan izango dira Bizkaiko Alfus-Tedesek utzitako hutsunea beteko dutenak

p050_f01_148x100.jpg

Unai IRARAGORRI | BILBO

Bi aste barru hasiko da amateur denboraldia, eta dagoeneko euskaldunek osatu dituzte taldeak. Guztira, 16 elastiko desberdinez lehiatuko dira txirrindulariak. Bizkaiko Alfus Tedesen hutsunea beteko dutenak, Naturgas Energia Araban, eta Urnieta-Biyo Gipuzkoan izango dira

Azpiru-Ugarte, Baque, Caja Rural, Lizarte, Bidelan, Azysa eta Telco nabarmenduko dira elite mailan. 23 urtetik beherakoetan, Seguros Bilbao, Naturgas berriaren aurka arituko da. Azkenik, Debabarrena, Ibaigane Opel, Suminan, Bruesa, Belca eta Urnietako gazteek Lehendakari Txapelketan izango dute aukera. Donosti-Berrik pistako lau txirrindulari izendatu ditu, baina ez dute lehia handirik izango.

Azpiru-Ugarte nabarmendu zen iaz, 20 garaipen lortuta, beste inork baino gehiago. Aurten, 25 gizoneko taldea izango du. Pujol Viña Magnara joan da, eta Oleak eta Blazquezek alde egin dute. Zortzi eliteak lider izango dira; Ferrarik, Tamayok eta Artolak beste urtebete emango dute, eta Azysatik Lana heldu da. Gazteei dagokienez, Filgueirak -Alfusetik-, Julen Gonzalezek eta Eizagirrek urratsak eman beharko dituzte, eta bost junior ere heldu dira.

Baquek, berriz, 15 amateur baino ez du. Taldea erabat berrituta, bostek bakarrik errepikatuko dute Jon Zengotitabengoa eta Ruben Gorospe zuzendariekin. Bidelanetik Juez fitxatu dute, eta Telcotik Zhadkevich; biek Estebanekin batera garaipenak lortu behar dituzte. Bestetik, Alfusetik bost gazte etorriko dira: Varela, Angulo, Moratalla, Abasolo eta Zubillaga.

Nievek eta Sesmak, Orbeara; Toribiok, Viña Magnara eta Delio Fernandezek Karpin Galiciara egingo dute jauzi Caja Ruraletik. Hala, talde itxuraldatuan bi nafar besterik ez da izango. Nicolas Mateos profesionaletik Ochoa, eta Saunier Duvaletik Martinez izango dira fitxaketa nagusiak. Espasandin, Torres, Zabalo, Varas, Garate, Fabregas eta Ariño kideek Nieve eta abarren lekukoa hartuko dute.

Amador, Lizarten geratu da

Manolo Azkonak hiru urterako sinatu zuen Lizarte enpresarekin, neguan eta iazko multzoari eutsi dio. Guztien gainetik, nabarmentzekoa da Amador. Iaz, onena izan zen; izan ere, GARA Txapelketa erdietsi zuen. Sagaztibeltza, Iraizoz, Atxa, Roda eta Latasa alboan izango ditu Costa Ricakoak. Caisse d'Epargnek harremana izango du Lizarterekin.

Bidelan-Kirolgi taldeak hutsune asko izango ditu, hala nola, Olano eta Ruiz de Erentxun, Orbean arituko baitira; Aldazabal, Uriart, Bertiz edo Odriozola ere ez daude Gipuzkoako taldean. Horregatik, Aranzabal, Iban Gonzalez, Mundiñano, Zabaleta eta Jagoba Sanchez eliteek ardura hartu beharko dute, eta Larraldek, Larreak eta Blazquezek 23 urtetik beherakoetan.

Azysak 23 txirrindulari izango ditu, guztira hamar elite. Lanak Azpiruren alde egin du, eta Leache zuzendariak, beteranoak fitxatu ditu, esaterako, Fite, Colome, Zugasti, Horacio, Imaz edota Bascones. Delgadok, berriz, berretsi egin behar du iazko Espainiako Txapelketa.

Telco taldea aukera bila arituko da berriz ere. Moyanok, Aseginolazak eta Regillagak beste urtebete emango dute, eta Yosu Gonzalez eta Kneppers herbeheretarra iritsi dira.

23 urtetik beherakoak

Seguros Bilbao taldearen oinarriak urtero izaten du saria, eta Castroviejo Orbean, Santamartan eta Iriarte Viña Magnan, jauzia eman dute 2008. urtean; Dueñasek abuztuan emango du Barloworldera. Ildo horri eusteko, Xabier Artetxe zuzendariak 23 urteko 12 txirrindulari soilik izango du bere agindupean, lana egoki egiteko eta arreta handiagoa izateko. Palaciosek eta Egoitz Garciak laugarren denboraldia dute, eta Izagirrek dena du alde nabarmentzeko. Bost junior hartu ditu Artetxek hazteko eta Azpirutik Olea heldu da.

Euskaltel-Euskadi taldea orain dela bi urte hasi zen harrobiarekin lana zuzentzen eta handitzen. Hainbat talderi egiten diote jarraipen berezia Deriotik, eta Bidelan, Caja Rural, Suminan eta Debabarrena taldeekin harremanak sendotu dituzte.

Edonola ere, Araban bazen hutsune nabarmen bat. Gonzalez de Galdeano anaiaren eskutik, Miguel Madariagak talde bat bultzatu du, Naturgas Energia, arabar gazteak irteera bat izan dezan amateur mailan. 19 gazte izango dira, denak 23 urterik beherakoak, batez ere, lehen eta bigarren urtekoak. Arabarrak zortzi dira. Gainera, Derioko bost bekadun egongo dira Alex Diazen zuzendaritzapean. Izen nagusiak Echeverz eta Ilundain Telcotik, eta Lavin, Jabato eta Elorriaga Alfusetik dira.

Urnieta-Biyok ere hasiberria da, eta Emaitz Izagirreren eskutik emango ditu pausoak. Proiektu erakargarri honetan 21 txirrindulari aurkeztuko dira, bi multzotan banatuta, bata Granadakoa; bestea, Euskal Herrikoa. Edonola ere, elastiko bera jantziko dute eta hemengo eta hango lasterketetan parte hartuko dute. Gipuzkoakoak izango dira gazteenak, eta Andaluziakoak beteranoak.

Harrobia zaintzen

Beste talde batzuek aurreneko zein bigarren urteko txirrindulariak lantzen dituzte Lehendakari Txapelketan eta hori, lan oso garrantzitsua da garaipenik lortu ez badute ere. Horiek dira Debabarrena, Suminan, Belca, Ibaigane Opel eta Bruesa taldeak. Juniorrek hor dute parada hazteko eta goi mailako beste baterako jauzia emateko hurrengo urteetan. Guztira, bost taldeek 39 junior igo dituzte.

Euskal Herritik kanpo, Carlos Canales Aragoiko CAI taldearen zuzendaria izango da, nahiz eta iaz talde hori Alfus-Tedesek zuzendu zuen. Bestetik, Alberto Leanizbarrutiak zuzenduko du Cantabria Infinita taldea, hau baita Wurth taldeak hartu duen izen berria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo