Langileen aukera, prekarietatea edo langabezia
Hego Euskal Herrian abenduan baino 9.000 langile gehiago zeuden langabezian urtarrilaren bukaeran, eta igoera nabarmen hori urterik urterakoa ere bada, 2007ko urtarrilean baino ia 2.000 langabe gehiago daude-eta. Langabeziak gora egin izanak agerian, ageriago, utzi du kontratu gehienen prekarietatea. Izan ere, behin eta berriz errepikatu izan duten kontratu ugaritasunak ez du langabeziaren aurka egin. Eta ez du lortu, kontrakoa iragarri bazuten ere, enpleguen kalitatea. Kontratu berri ugari horien ehuneko txiki bat baino ez ziren mugagabeak izan. Gobernu espainiarrak, patronalak eta sindikatu espainiar nagusiek sinatutako akordioa kalitate-enpleguaren aldeko apustua omen zen, baina urte bukaerako datuek kontrako emaitza, agertu zuten. Enplegu politika hori, hain zuzen, prekarietatea sustatzen duen enplegu politika, alegia, dago indarrean Hego Euskal Herrian. Bistan da; baldintza horietan kontratuak ugaritzeak ez du enpleguaren kalitatea bermatzen, enpresarien berehalako etekinak baizik. Era berean, berez ez dio langabeziari aurre egiten. Enplegua, lan baldintza egoki eta duintasunezkoak izan behar dituen eskubidea da, eta Hego Euskal Herrian gaur egun, ehun milatik gora lagun daude langabezian. Beharbada, onenean, egonkortasunik gabeko lanpostu bat izango dute aukera bakarra: langileen heren bat dagoen baldintza penagarri berberetan lan egitea.