Serbia Kosovoko egoera bere gain hartzeko gertu
Serbiak ozen hitz egin du hautestontzietan, %67ko parte hartzearekin hitzegin ere. Hauteskunde hauek norabide bat markatu dute, baina norabide hori egonkortzeko datozen aste eta hilabeteak erabakigarriak izango dira.
Kosovoarrek independentzia eskuratuko dute lehenago edo geroago, baina laster. Europar Batasuna -agian, eslaviar herriak, ortodoxoak eta espainiar Estatua salbu- urrats hori emateko prest dagoela dirudi, eta Errusiaren jarrera ez da honezkero lehen bezain erabakigarria. Tadicek ez du aldarrikapena onartuko, jakina, baina bakea garesti salduko du. Europar Batasunak Serbiarentzat sarbide berezia ezarri beharko du. Aukera honen aurkaririk zorrotzena, Nikolicekin batera, Kostunica lehen ministroa izango da. Nikolic Kostunicaren kontura indartu da. Une honetan, bai Tadic, baita Europar Batasuna ere Kostunicaren aurrean beraien autoritatea ezartzera behartuta daude.
Tadicen garaipenarekin Kosovoren behin betiko estatusak gertuago dirudi. Edo, estatus hori etorriko dela ikusita, serbiarrek egoera beren gain hartzen lagunduko dien jokabidea hobetsi dutela dirudi, behinik behin. Bide honetatik, Kosovoko egoera ez ezik, Serbiakoa ere egonkortu daiteke. Baina adi, baieztapen borobilak eta Balkanak elkartu ezin daitezken elementuak dira-eta.