GARA > Idatzia > Kultura

Tolosako txotxongiloek indiako publikoa liluratu nahian bidaiatu dute, hile baterako, New Delhira

Indiako txotxongiloen nazioarteko jaialdirik garrantzitsuenak, Isharak, aurten Estatu espainola du gonbidatu. Hori dela eta, New Delhin 370 piezaz osatutako erakusketa dago ikusgai. 2006an Tolosako Jaialdian lehenbizikoz aurkeztu zen «Ventana al Titere Ibérico» kolekzioaz ari gara funtsean; Euskal Herrian lortutako arrakastari tiraka, ekimenari izaera ibiltaria eman nahi izan baitiote. Txinara ere joango da gero.

p055_f01_68x116.jpg

Daniel GUTIÉRREZ

Erakusketa osatzen duten txotxongiloen «aniztasunak» eta «kalitateak» egiten dute New Delhik hartu duen bisita bitxiaren izaera «bakarra» izatea. Hori uste du, behinik behin, Miguel Arretxek, Tolosako Txotxongiloen Nazioarteko Zentroko zuzendarikideak. Oro har, 370 bat dira New Delhiko Indira Gandhi Arte Zentro Nazionalera Portugaldik, Estatu espainoletik eta batik bat Tolosatik bidaiatu duten lanak. Helburua, beti ere, hauxe: Indiako publikoa harritu eta «seduzitzea». Zehazki, «Ventana al Títere Ibérico» izenaz bataiatu dute erakusketa, hilabete osoan ateak zabalik izango dituena, eta Ishara Jaialdiaren laugarren edizioaren baitan iritsi dena herri hartara.

Miguel Arretxek nabarmendu bezala, txotxongiloek Estatu espainolean eta Indian bizi duten egoera arras ezberdina da: «Espainian -azaldu du- txotxongiloak kaleetatik irten, eta Bartzelonako Liceo Teatroa edota Madrilgo Teatro Realaren pareko espazio enblematikoak konkistatu badituzte ere, Indian ez da halakorik jazo».

Asiako herrialdean txotxongilo modalitate anitz daude -eskualdearen araberakoak-, baina Europan ez bezala, bertan pieza klasikoak baino ez daude. Hori dela-eta, «haize berriak eta teknika gehiago» behar dituela iritzi dio Arretxek. Europari buruz, aldiz, zera dio: «sustraiak galdu ditu, eta txotxongilo tradizionalak berreskuratu behar ditu», garai batean Andaluziako herrixketan zehar Federico Garcia Lorca bere ikuskizunekin egiten ahalegindu zen bezala.

Joan den asteko inaugurazio ekitaldiaren ardura Joan Baixas poeta eta pintore katalanarengan utzi zuten erakusketako arduradunek, hura baita kolekzioko panpinik esanguratsuenetako baten autorea, 1978an Joan Mirorekin batera «Ubu« klasikoaren bertsio berezi bat sortu zuen.

Baina New Delhin irekitako erakusketan figurismoko bestelako altxorrik ere bada. Hermenegildo Lanzek sortu eta Lorcak bere ikuskizun ibiltarietan erabili zituenak, adibidez, edo Cadizeko La Tía Norica konpainiak (XIX. mende bukaerakoak), Alcoyko El Betlem de Tirisiti, zein Portugalgo Alentejoko Os Bonecos de Santo Aleixo taldeenak, besteren artean. XX. mende hasierako alerik ere badago, 1927an Ignacio Zuloagak «Maese Pedroren Erretaula»rako sortu irudi eta eszenografiak, kasu. Finean, «Ventana al Títere Ibérico» erakusketan XVIII. mendetik egun arte penintsulan txotxongiloen antzerki munduak izandako bilakaera ikus daiteke, panpinez gain bertan bildutako material fotografikoari, antzinako kartelei, dekoratu orijinalei eta atrezzoko materialari esker.

Bertaratu diren lehenengo bisitariek harridura agertu dute New Delhin. Shekhal Saini gazteak, esaterako, hauxe nabarmendu du: «erakusketako gauzarik interesgarriena panpinen sortze prozesua iruditu zait. Beste kultura batzuk ezagutzeko aukera ona dela esango nuke». Sunil Dogra bisitariak, bestalde, bertan ikusitakoa «zoragarritzat» jo du, eta gehien gustatu zaiona zenbait txotxongiloren «gehiegikeriak» izan ei dira.

Erakusketarengatik ez ezik, finean Indiako publikoa Ishara Txotxongiloen Jaialdiarekin ere agertu da pozarren. Taun Taun Teatroa talde euskaldunak eskainitako ikuskizuna bera, adibidez, «ezin hobea» eta «polit askoa» izan zela aipatu dute New Delhin.

Ishara Jaialdiko zuzendari Dadi Pudumjeeren esanetan, «txotxongilo modernoek ez dute mugarik eta horregatik ez da jakiten zein herritakoak diren; tradizionalak, aldiz, bai identifika daitezke herrialde batekin».

Tradizionalak zein modernoak, ez dirudi txotxongiloak laster desagertuko direnik, batik bat Arretxek arrazoia baldin badu honako baieztapena egiten duenean: «txotxongiloa lehenbiziko gizakiarekin jaio zen, komunikazio tresna bezala, eta hil ere, azken gizakiarekin hilko da».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo