GARA > Idatzia > Euskal Herria

Jens Holm europarlamentari suediarrak Madrilek tortura ezkutatzen duela uste du

Azken hamarkadetan nazioarteko makina bat erakundek zein agintarik azaldu du bere kezka inkomunikaziopean atxilotzen dituzten euskal herritarrek egiten dituzten tortura salaketak direla-eta. Jens Holm europarlamentari suediarrak ere kezka bera azaldu dio Bruselari.

p017_f01.jpg

GARA |

Jens Holm europarlamentari suediarraren iritziz, Amnesty International bezalako erakundeek Estatu espainolean torturatu egiten dela salatzen dutenean, «tamalez, arrazoia» dute. «Nahiz eta Estatu espainolak mehatxu terrorista bati erantzuten ari direla adierazi, horrek ez die beren agintariei Estatuko eta nazioarteko legedia aintzat ez hartzea baimentzen», gaineratu du. Gai honi lotuta, hain justu, Igor Portu eta Mattin Sarasola lesakarren egoeraren inguruan galdera egin zuen Jens Holmek joan den urtarrilean Europar Parlamentuan.

Villaweb agerkari digital katalanari eskainitako elkarrizketa batean, europarlamentari suediarrak gogora ekarri du zergatik egin zuen galdera hori. «Agintariek herritarrak gaizki tratatzen dituzten bakoitzean ezinegona, haserrea sortzen zait», dio Igor Portu ospitalera eraman beharra izan zutela gogoratuz, eta medikuaren txostenak zauri oso larriak erakusten zituela gaineratuta.

«Erokeria hutsa»

Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa gainditzeari buruz galde egitean, europarlamentariak argi dauka Europatik «guztiok ahaleginak egin behar ditugula denen arteko errespetuan eta elkarrizketan oinarrituriko irtenbidea lortzeko».

Baina Madrili «elkarrizketa ez zaiola asko interesatzen» uste du Holmek. Bere aburuz, «pertsonak eta alderdi politikoak `terrorista' gisa estigmatizatzeak» hori erakusten du. Era berean, «erokeria hutsa» dela uste du Batasuna indar independentista Parisen begietara «legala» izatea, eta Madrilen begietan, aldiz, «terrorista». Jens Holmen iritziz, «Batasuna ez da `terrorista'tzat jo behar inon». Bestalde, ETAk ere «pertsonen aurka atentatuak egiteari utzi» beharko liokeela uste du suediarrak.

Joan den urtarrilaren 10ean, Portu ospitalera eraman bezain laster, Europako Parlamentuan zera galdetu zuen: «Europako Komisioa jakitun al da? Ikertu al du zein egoeratan eragin diren zauriak? Senitartekoek eta beste hainbat eragilek, alderdi politikoek eta Gasteizko Gobernuko bozeramaileek ere, Guardia Zibilaren egoitzetan torturatua izan zela iradokitzen al dute? Zein da kasu honen inguruan Europako Komisioaren iritzia?».

Galdera hori urrunago heldu zen, «¿Tortura en España?» goiburu duen txostena Bruselan aurkeztean, tortura salaketak, «inkomunikaziopeko atxiloketak ematen direlako gertatzen» direla adierazi baitzuen, eta inkomunikazioaren gaineko jarrera argitzeko galdegin zion Europako Parlamentuari.

«Elkarrizketa»

Gatazka politikoa gainditzeari buruz galdetuta, Europatik «guztiek» lagundu beharko luketela uste du, «denen arteko errespetuan eta elkarrizketan» oinarritutako konponbidea lortzeko.

Batasuna

Batasuna indar independentista «terroristatzat» inon ez dela jo behar uste du Holmek, eta «erokeria» dela Parisen begietara «legala» izatea eta Estatu espainolarentzat, aldiz, indar politikoa «terrorista» izatea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo