GARA > Idatzia > Euskal Herria

Amikuzeko EH Baik uste du «faboritismoa» baztertzeko garaia dela

Antton Etxeberri eta Maitena Etxeber dira EH Baik Amikuzeko kantonamenduan aurkeztu dituen hautagaiak. Agerre egungo kontseilariaren jokamolde politikoak baztertzeko premia nabarmenduta, herritarren parte hartzea oinarri izango duen programa alternatiboa aurkeztu berri dute. «Urteetako faboritismoa eta inmobilismoa» apurtu, eta eskualdearen garapen ekonomikoa, soziala eta kulturala sustatzeko neurri zehatzak proposatu dituzte.

p018_f02-111x111.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Egungo UDF-UMPko kontseilari Barthelemy Agerreren politika egiteko modua erabat baztertzea dute helburu Amikuzeko Euskal Herria Bai koalizioko hautagaiek. Antton Etxeberrirentzat eta bere ordezko Maitena Etxeberrentzat, «ezinezkoa da gure kantonamenduak dituen erronkei aitzin egitea kutunkeria eta inmobilismoan errotutako metodoekin».

Joakera horiek leporatu dizkiote Agerreri, besteren artean, Nafarroa Behereko PCDko (Garapenerako Proiektu Bateratua) egungo jardueran «euskararen erabilpena integratzea ukatzeagatik», Lur Berrin transgenikoak saltzea defendatzeagatik, edota Axeriborda eta Kako etxaldeetako aferetan esku-hartu ez izanagatik. Horretaz gain, Sarkozyren politika liberalaren «lekuko antena» izatea, eta Euskal Herriaren existentzia kontuan ez hartzea jokamolde horren beste adibide batzuk direla esan dute.

«Agerrerentzat Amikuze Pirinio Atlantikoen departamenduaren erdian da. Guretzat, ordea, Euskal Herriaren bihotzean, Euskal Herria baita gure indarra, bai ekonomikoki baita kulturalki ere. Horregatik uste dugu herritarren premiei erantzuteko eskuduntza zabalak izango dituen berezko instituzioa behar dugula. Horregatik uste dugu euskara normaltzeko ofizialtasuna ezinbestekoa dela. Halaber, gatazka politikoa konpontzeko erabateko borondatea dugu» gaineratu du EH Baik.

Hamalau urte kargu berean daraman kontseilariaren beste jarduerak ere salatu dituzte hautagai abertzaleek. Horrela, 2x2 autobidearen defendatzaile sutsua izatea eta bere eserleku politikoa gordetzeko «kutunkeria eta mesede ordaingarriak» erabiltzea leporatu diote.

Herritarrek erabaki

Egoera horri erabateko buelta eman behar zaiola adierazita, demokrazia esku-hartzailean oinarrituko den garapena ezarri behar dela plantan uste dute biek ala biek: «Euskal herritarrek erabaki beharko lukete beren etorkizuna. Ildo horretan erreferendumak, herri-galdeketak eta antzekoak bultzatu behar direla uste dugu».

Etxeberri eta Etxeberen esanetan, Amikuzeko kantonamenduan «berpizte txikia» ematen ari bada ere, biztanleriaren zahartzea eta desertifikazioaren mehatxua presente daude oraindik. Horiek hala, enplegua sustatzeko lurraldeari eta herri-ekimenari lotutako dinamika ekonomikoa abian jarri beharko litzateke, beren iritziz «gainerako euskal herrialdeekin harremanak areagotuz».

Herrian lan egin eta bizi nahi duten gazteei etxebizitza eskuratzeko moduko prezioak bermatzea, ingurumenarekin errespetuz jokatuko duen kalitatezko nekazaritza laguntzeko egitura eragingarriak sostengatzea eta Euskal Herriko kultur berezitasuna babestu eta sustatzea dira EH Baik proposatzen dituen beste alternatibak.

Proposamenok gizarteratzeko hamabi orriko aldizkaria banatuko dute eta bilkura publikoak eta gaikakoak egingo dituzte.

27 bilkura

EH Baik 27 bilkura publiko egingo ditu, eta beste 9 gai zehatzen inguruan. Horretaz gain, beren proposamenak jasotzen dituen 12 orriko aldizkaria banatuko dute Amikuzeko etxe guztietan.

104 atxikimendu

Kantonamenduan ezagunak diren 104 pertsonak beren atxikimendua eman diete hautagaiei, tartean, hiru auzapez ohik, hainbat zinegotzik eta esparru askotako gizarte eragile eta elkarteetako kideek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo