GARA > Idatzia > Kultura

Euskal musikaren bi erakusle handik ofizialki esan dute agur: DUT eta Eremulauak.com

Atzo bidali zuten azken posta elektronikoa, azken agurra. Biak ere, nahiko mezu malenkoniatsuak. Batetik, aspaldian jo gabe egon den DUT taldeak. Bestetik, musikaren inguruan jardun duen Eremulauak.com webguneak.

p056_f02_97x100.jpg

Haritz RODRIGUEZ | DONOSTIA

Egunkariko erredakzioa bi posta elektronikok dardarazi zuten atzo. Lehenengoa DUT taldeak igorri zuen, aspaldian jo gabe egon, eta askok amaitutzat zuten taldeak. Akaso inork izango zuen Hondarribiko harrobitik jaiotako taldea berriz zuzenean entzuteko itxaropena, baina ez da hala izango. Azkeneko mezua igorri dute. Agur esan dute, oraingoan bai, ofizialki.

«Honako e-mailaren bitartez DUTen azken agurreko prentsa ohartxoa helarazi nahi dizuegu. Azken urteetan jotzen egon ez garen arren, ez ginen ofizialki deseginda. 2003an egin genuen azken buruan azken kontzertua izango dena, Psilocyberen hamargarren urtemugan. Eta kanta berriren bat egin dugu bildumaren baterako».

Antza, «jende askok jada desegintzat» jotzen bazituen ere, azken agurra ofizialki jakinarazteko beharra sentitu dute DUTekoek. 1993an sortu zen taldea, eta handik bi urtera argitaratu zuen lehenengo diskoa («Dut», Esan Ozenki). Hordutik, hardcore aren irakurketa pertsonala, kasik esperimentala, egin dute, eta hiru disko kaleratu dituzte. Diskoetxe berberarekin, 1996an «At» eta 2000. urtean «Askatu korapiloa». Gainera, zenbait bildumatan eta Fermin Muguruzarekin batera «Ireki ateak» proiektuan (1998) parte hartu dute DUTeko taldekideek.

Urteotan izan da aldaketarik eta, orotara, bost izan dira taldekideak. Azkenekoak Xabi Strubell (gitarra, ahotsa), Joseba Ponce (baxua, ahotsa) eta Galder Izagirre (bateria, txalaparta, ahotsa), baina, lehenago, baita Manex (ahotsa, scratch) eta Eneko (gitarra) ere.

Eremulauak.com

Atzoko beste albistea kulturari oro har, baina musikari bereziki arreta ezarri dion Eremulauak. com webguneak jakinarazi zuen, jardueraren behin-betiko etenaldia iragarri baitzuen. «Harea poltsikoetan» izeneko manifestuan azaldu zutenez, «zimeltzea baino hobe da sutan kiskaltzea. Hiru urte baino gehiago joan dira Eremulauak. com sortu genuenetik. Ez da denbora asko; izugarrizko denbora pila da. Erlojua apurtzea erabaki dugu, harea bukatu baino lehen. Agur esateko ordua da».

Baina adio esateko festa antolatu nahi izan dute: «Malko bat dugu begian eta esku bat zuei luzatzeko. Apirilaren 4an denbora honetan gurekin egon zaretenokin bildu nahi dugu Bilboko Kafe Antzokian, eremua elkarrekin azken aldiz zeharkatzeko. Ediziogunean bidaide izan ditugun Akatu eta Nun taldeek jarriko dute musika, baita bereziki gonbidatu dugun Standstill taldeak ere».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo