Berezkoak
Ezkurrak eta Ozafrainek ere batu dute lehen puntua
Paxkalek nahi bezala gainditu zuen Jean Claude Dermit; Patrickek gehiago sufritu zuen Waltariren aurka.
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Paxkal Ezkurrak eta Patrick Ozafrainek modu nahiko ezberdinean lortu zuten beren lehen puntua Berezkoen Buruz Buruko Txapelketaren finalerdietako B ligaxkan. Ezkurra II.ak aise hartu zuen mendean bere mailarik eman ez zuen Jean Claude Dermit arratsaldeko lehen partidan (40-13); Ozafrainek, aldiz, gehixeago sufritu zuen Agusti Waltari kubatarra markagailuan gainditzeko (40-27).
Lehen norgehiagokan pronostikoek ez zuten hutsik egin. Paxkal-Ezkurrak hasiera-hasieratik erakutsi zuen bere aurkaria baino gehiago zela, eta markagailuan irekitako zuloek argi erakusten dute hori. Ordu erdi pasatxo nahikoa izan zuen Ezkurra II.ak 40ra heltzeko, eta sakez egin zituen zortzi tantoak ere lagungarriak izan ziren horretan.
Waltari, oso urduri
Mami askoz gehiago izan zuen arratsaldeko bigarren partidak. Hor ere, irabazleak zulo handiak ireki zituen Waltariren akats nabarmenak eta haren urduritasuna baliatuz. Markagailua 20-7 jarri zuen Ozafrainek, baina Waltari emaitza estutzeko gai izan zen eta azkenean lau tantora hurbildu zen (31-27). Une horretan, ordea, berriz ere kale egin zuen Kubako pilotariak eta Ozafrain zuzen-zuzenean joan zen 40ra.
Honenbestez, eta igandeko partidak ere kontuan hartuta, Etxeto, Kurutxari, Ezkurra II.a eta Ozafrain finaletik gertuago dira. Gogoratu, ligaxka bakoitzeko lehen sailkatuek jokatuko dutela finala 24an.
40
13
40
27
Multzo bakoitzeko lehen sailkatuak zuzenean jokatuko du finala. Lehia guztiek, beraz, sekulako garrantzia dute txartela lortu nahi izanez gero.