GARA > Idatzia > Gaurkoa

TASIO ERKIZIA EZKER ABERTZALEKO MILITANTEA

Nazio gisara erantzun

Tasio Erkiziak, ezker abertzaleko militante historikoak, idazki honetan Euskal Herriaren aurkako frantziar eta espainiar estatuen azken erasoak testuinguru historiko eta politiko zabalago batean kokatu ditu. Nolanahi ere, erasoen larritusuna kontuan hartuz, entzun nahi duen orori ondoko galdera egiten dio: «pentsaera ezberdineko abertzaleok, ez al gara gai izango erantzun sendo eta zabala emateko?»

Euskal nazioa desagerraraztea da helburua. Euskal Herria zapuztu eta desegin nahian ikaragarrizko erasoak egiten ari dira frantziar eta espainiar Estatua. 1936-1939. urteen arteko gerra krudel hartatik, seguru asko, sufritzen ari garen errepresio bolada basatiena eta zabalena izango da.

Era askotako erasoak eta, gainera, zehatz-mehatz kalkulatutakoak; bi Estatuek estrategia bateratuan diseinatu eta modu progresiboan aplikatutakoak; batzuk polizialak eta beste zenbait epaileek eragindakoak; iniziatiba instituzionalak, ekonomikoak eta kulturalak gure herria ito eta desagerrarazteko eginak.

Jakin badakite zein sektore zigortu eta egurtu, aski ongi aztertua dute nola egin min gehien. Ikasia dute martxan dagoen herri honen lokomotora zein den, eta geldiarazteko ezker abertzaleko eta bere zein ingurumaria kolpatu behar den gogorren.

Baina hemen inor ez da libratzen. Urratsez urrats, gero eta zirkulu zabalagoetara heltzen ari dira, eta estatuen logika sinplea bezain lotsagabea da: kolaboratu nirekin edo nire atzaparrek kolpatuko zaituzte.

Hasieran, ETAko militante izatea demostratu egin behar zen, orain, berriz, edozein abertzale, erakunde armatuko kidetzat hartua izan daiteke. Eta zigortua izateko nahikoa da beraien estrategiari amen ez esatea, Gasteizko Parlamentuko mahaikideei eta Ibarretxeri gertatzen ari zaien bezala.

Estatuen estrategia honetan garbi eduki behar duguna zera da: sigla eta pertsonen gainetik, beraien helburu argi eta bakarra Euskal Herria nazio bezala desegitea dela. Frankoren garaian buruko min gehien eman zien nazioa izan ginen, eta ondorengoentzat minbizi iraunkorra bihurtu gara.

Frantziako eta Espainiako agintariek, beraien Konstituzio eta dozenaka legeetan herri ukatu deklaratu gaituzte: gure nortasuna eta izaera garatzeko ezinbestekoak diren bitartekoak ukatzen dizkigute, oraina eraikitzeko eta etorkizuna erabakitzeko eskubidea ukatzen digute, baina halere ez dira ase hainbeste debeku eta oztopoz. Ikusirik traba guztien gainetik herri hau aurrera doala, xahutzeko hautua egin dute, kolpeka eta zigorren bitartez desagerrarazi nahi gaituzte.

Askotan esana dugu Frantzia eta Espainiaren kezka nagusiena ez dela biolentzia ekiditea. Ez, hori aitzakia besterik ez da. Martxan dagoen euskal nazioa geldiarazi nahi digute, beraien interesetarako arriskugarria izan daitekeen burujabetza prozesua, nolabait ezinezko bihurtu nahi digute. Horren adierazleak, aspaldiko urteetan, asko ditugu, baina banaka batzuk gogora ekartzeak lagunduko digu erasoaldi bortitz honek duen nazio dimentsioa nabarmentzen.

Lokomotora bidetik atera. Hori da ilegalizazioen zioa eta xedea. Jakin badakite nazioa eraikitzeko bidean ezker abertzalea dela trenaren lokomotora eta, beraz, hori trenbidetik atera, eta iraultzen badute, trenak ezin izango duela independentziaranzko bidaia jarraitu.

Badira hogei urte horretan dirautela, baina alferrik. Hasieran, lokomotorak beharrezkoa zuen ikatza, alegia, zor zizkiguten diru ordainak lapurtzea erabaki zuten. Baina berehala herriko basoetako egurrarekin ikatza egin genuen, eta lokomotora, moteldu beharrean, abiadura biziagoan zihoan. Ondoren, lokomotorarako pieza inportanteenak kentzen saiatu ziren, batean gurpilak eta bestean ardatza, abenduan gidaria eta urtarrilean ikazkinak kartzelatuz. Baina trena, bidetik atera beharrean, gero eta biziago zihoala konturatu ziren. Azkenean, lokomotora ilegalizatzea erabaki zuten, zirkulazioatik kanpo jartzea. Baina tren bagoietan zihoazen hainbat bidaiarik jaitsi, eta trenari bultzaka, teknika berriak erabiliz, trenak martxan jarraitzea ahalbidetu zuten. Une honetan, mantsoago dabil, baina berriro ere bizitasuna berreskuratzeko bidean. Berriro ere ilegalizatu arren, nekez iraul dezakete herriaren bizi nahia irudikatzen duen lokomotora.

18/98 izenez ezagutu den epaia izan da Estatuen helburuak argien nabarmendu dituenetakoa, lotsarik gabe herrigintzan aritzea delitu dela erabaki duen sententzia, alegia. Datozen hilabeteetan ikusiko dugu Udalbiltzaren kontrako epaia, naziogintzan aritzea «demokrazian», zein delitu larria den erakusten saiatuko dira berriz.

Eta horiekin batera, gazteriaren aurkako etengabeko erasoa. Injustiziaren kontra errebelatu eta abertzale den gazte oro susmagarria da, eta, ondorioz, herriz herri razziak egitea ohituratzat hartu dute. Ongi pentsatua eta planifikatua bailitzan, Poliziaezberdinak txandatu egiten dira hain dibertigarri bilakatu zaien «gazteen ehiza» horretan... Polizia iturrien laguntzaz zenbait komunikabideek lau haizetara zabaltzen dituzte ustezko hainbat akusazio larri, azkenean torturatuak izan ondoren, Segiko militantea izateak dakarren delitu larriaz akusaturik kartzelaratzen dituztelarik euskal gazteria kriminalizatu eta beldurtzeko indarkeria beldurgarrienak erabiltzen ari dira.

Euskara eta kulturgintza ere etengabe mugatzen saiatzen ari dira. Hego zein Iparraldean, Nafarroan zein mendebaleko Autonomia Erkidegoan, Euskal Herria osoa baita beraien jomuga.

Egunero darabilten «todo es ETA» goiburuak ezker abertzalearen proiektu politikoa desitxuratu eta desegiteko ustezko babesa ematen die, baina horrekin ez dira konformatzen. Beharrezkoa dute PNV, EA eta EB bezalakoen kolaborazio fidela, hauei beraien esanetara murgiltzea exijitzen zaielarik. Gidoi hori ongi betetzen ez badute, Estatuaren epaileak arduratuko dira gauzak beren tokian jartzeaz. Zergatik zigortu zituzten, bada, Parlamentuko hiru mahaikideak? Ibarretxeren plana zela-eta, bere garaian, Estatuko ordezkariek PNVko sektore bati abisua eman nahi ziotelako. Zergatik jarraitzen dute «Ibarretxe auzia» deiturikoarekin? Estatuaren aparatuak ez zeudelako ados inolako elkarrizketa prozesurekin, eta jakin bazekitelako gatazka gainditzeak euskal nazioaren eraikuntzan aurrerapauso nabarmenak ekar ditzakeela. Nazio proiektua gorpuztu dezakeen edozein urrats ahuldu edo haustea da xedea.

Burujabetzaren harresia eraikitzeko ordua da. Egoera larri hauetan, indarrak bildu, eta Madrili eta Parisi hortzak erakusteko gaitasunik ez badugu, noiz erakutsiko dugu gure kemena? Nazio gisa desegin nahi bagaituzte, noiz erantzungo dugu euskal nazio gisara? Pentsaera ezberdineko abertzaleok, ez al gara gai izango erantzun sendo eta zabala emateko? Herritarren artean amorrua eta ezintasuna dago hedaturik. Haserrea baldin badago, zer egin behar dugu energia hori modu positiboan, protesta ozen modura alegia, bideratzeko? Ezberdintasun guztien gainetik, abertzale edo demokrata den edonor kalera irten behar da «Aski da!» oihukatzera. Milaka asko bildu behar gara Euskal Herria martxan dagoela aldarrikatzen duen oihu kolektiboa entzunarazteko, gure protesta herriaren orro bilakatzeko.

Estatuen erokeria geldiarazi behar dugu. Eta bide bakarra herri honek «Stop» esatea da. Beraien kabuz ez dira geldituko. Jakobinismoa eta zentralismoa erraietan daukate, eta onera etortzeko bide bakarra euskal nazio gisara erantzutea da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo