GARA > Idatzia > Euskal Herria

Harresiak Apurtuz-ek langile atzerritarren babes eza salatu du

60 langile etorkinen aurkako ustezko iruzur delitua dela-eta epaiketa izanen da bihar Bilbon, eta Etorkinen Laguntzarako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Euskadiko Koordinakundeak kritikatu du «erabateko porrot instituzionala» dela hori egin behar izatea. Harresiak Apurtuz-en arabera, babesik eza justifikatzen da Atzerritartasun Legearen itzalpean.

GARA |

2006ko urtarrilean, Harresiak Apurtuz-ek jendaurrean jakinarazi zuen Atzerriko Langileen 2005eko Normalizazio Prozesuan ustezko iruzur delituen biktima izan ziren 60 langile defendatuko zituela kasuan kasuko epaiketetan.

Hiru urte hauetan behin baino sarriagotan salatu dute «Lan Ikuskatzailetzak, Gobernuaren Bizkaiko Ordezkaritzak, Poliziak eta Bizkaiko Abokatuen Elkargoak ez dutela inolako gogorik erakutsi langile hauen eskubide urraketa prozedura penaletik kanpo konpontzeko».

Etorkinen Laguntzarako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Euskadiko Koordinakundearen ustez, biharko epaiketak argi uzten du langile atzerritarrek ez dutela inolako babesik erakundeen aldetik. Iazko irailean egindako epaiketa ere horren froga dela deritzo. Orduan Nafarroako SOS Racismok Pilar Jimenez Gayubo abokatua salatu zuen ustez iruzurra egin zielako 40 langile etorkin baino gehiagori.

«Lan Ikuskatzailetzak eta Gobernuaren Bizkaiko Ordezkaritzak aukera izan zuten aurkeztutako lan eskaintzak aztertzeko», ekarri dute gogora. Proposamen horiek egin zituzten enpresaburuak zigor zitzaketela ohartarazi dute, irregulartasunak egitea leporatuta, «eskaintzak ez zirelako inola ere bideragarriak».

Azaldu dutenez, Abokatuen Elkargoak ere, kode deontologikoa kontuan izanik, neurriak har zitzakeen honelako jarrerak babestu dituzten abokatuen kontra. Hala eta guztiz ere, «Gobernuz Kanpoko Erakundeen esku utzi zuten salaketak aurkezteko ardura, eta hiru urteren buruan salaketa horiek ahozko epaiketa hauek ekarri dituzte. Bitartean, langile etorkinak paperik gabe daude eta, gainera, ez zaie dirua itzuli».

Eskaera administrazioei

Harresiak Apurtuz-en aburuz, akusatua kondenatu edo absolbitzeko epaiketa bat egin behar izateak argi erakusten du erakundeek porrot egin dutela afera honetan. Horregatik, administrazioei eskatzen diete erabil ditzatela eskura dituzten baliabideak edo lan plangintza berezi bat presta dezatela honelakorik berriro gerta ez dadin «gurea bezalako gizarte normalizatu honetan». Langile hauen segurtasun juridikorik eza eta horrek berekindakarren babes gabezia nabarmendu ditu koordinakundeak; «gehiegikeriak eta diskriminazio egoerak sustatzen dituen Atzerritartasun Lege xenofoboaren itzalpean justifikatzen den babesik eza», alegia.

Behargin etorkinen kontrako ustezko iruzur delituaren hiru epaiketak Harresiak Apurtuz-ek zuzendutako prozesuaren barrenean eginen dituzte. Lehenengoa bihar izanen da.

Enpresaburu batek ustez iruzur egin zien 14 langileri. «Akusatuak 1.200 eta 1.500 euro bitarteko kopuruak eskatu zizkien lan kontratu baten truke. Azpiegiturarik gabeko eta inolako jarduerarik gabeko hainbat ostalaritzako enpresatan jarduteko izan zen eskaintza hori.

Bestalde, beren egoera administratiboa erregularizatzeko ardura ere hartuko zuela adierazi zien. Horrez gain, ez zuen langileen Gizarte Segurantza ordaintzeko inolako asmorik, jakina», adierazi du etorkinen eskubideak bete daitezen lanean diharduen koordinakundeak. Lau urteko espetxealdia eskatu du, Fiskaltzak bezala.

Harresiak Apurtuz-ek bere konpromisoa berretsi nahi izan du. Eta jakinarazi du honelako egoera diskriminatzaileak eta eskubide berdintasunean oinarritutako elkarbizitza urratzen dutenak gaitzesten jarraituko duela.

espetxe eskaera

Harresiak Apurtuz-ek eta Fiskaltzak lau urteko kartzela zigorra exijitu dute hamalau langileri iruzur egin izana leporatzen zaion enpresaburuarentzat. «Akusatuak 1.200 eta 1.500 euro bitarteko kopuruak eskatu zizkien lan kontratu baten truke».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo