GARA > Idatzia > Kultura

Bere irudi korporatiboa diseinatzeko prozesua abiatuko du Tabakalerak

Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak iragarri du aurrerantzean proiektuaren izendapen ofiziala «Tabakalera» izango dela. Hori izango da irudi korporatiboan baliatuko duen izena; diseinatzaileei zuzendutako deialdiarekin gaur abiatuko du irudia sortzeko prozesua.

p057_f01_97x172.jpg

GARA | DONOSTIA

Hainbat adituren laguntza jaso duen prozesu «luzearen» ostean, eta beste izen batzuk ere aintzat hartu baditu ere, Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroarentzat izendapenik egokiena «Tabakalera» dela ondorioztatu dute, atzo prentsa ohar baten bidez iragarri zutenez.

Eraikin zaharraren izaera berezia dela-eta, izen hori hiritarrek dagoeneko bereganatuta dutela uste dute zentroko arduradunek. Gainera, «eraikinaren memoria berreskuratzea» eta «fabrika izaerari eustea» proiektuaren funtsezko helburuak direla gogorarazi dute.

Hori dela-eta, azken bi urteotan Tabakalerako lan-taldeak eraikinaren balioestea bultzatu du, eta hiritarrei eskuragarri jartzeko lan egin du. Eraikinean antolatu diren kultur jardueretan ere, adibidez, eraikinaren izena erabili izan da eta, beraz, aipatu izendapena «modu naturalean» onartu dela nabarmendu dute.

Tabakaleratik jakinarazi dutenez, izenari eusterako orduan Europako hainbat hiritako esperientziak ere hartu dira kontuan. Horietako askotan, hain zuzen ere, kultur zentro izateko eraberritu izan diren fabrikek jatorrizko izena gorde dute, esate baterako, Amsterdamgo «Westerngasfabrik»-ek, Gateskeadeko (New Castle) «Baltic»-ek, Madrilgo «Matadero»-k, edo baita Bilboko «Euskaldunak» ere.

Euskarari lotutako nortasuna

Azkenik, izena «k»-z idazteak euskarari lotutako berezko nortasuna ematen diola aipatu dute eta, bide batez, «estatuan kultur zentro izateko bilakatzeko bidean dauden gainontzeko tabako fabriketatik bereizteko ere balio du», erantsi dute.

Hori hala, «Tabakalera» izenarekin gaur bertan diseinatzaileei zuzendatuko deialdia zabalduko du Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak (KGNZ), eta horrela jarriko da abian zentroaren irudi grafikoa diseinatzeko prozesua bera.

Lehenengo fase hau nazio mailako zein nazioarteko diseinatzaileei zuzenduta dagoela jakinarazi dute zentroko arduradunek, eta bertan aurrekari profesionalei buruzko dokumentazioa aurkez dezatela eskatuko zaie parte hartzaileei.

Deialdia datorren martxoaren 3a bitartean egongo da zabalik -egun hori ere barne-, eta epe hori amaitzean, aldiz, sektoreko profesionalek eta KGNZ-ko kideek osatutako epaimahaiak lehiaketa fasera pasako diren diseinatzaileen hautaketa egitearen ardura hartu beharko dute beren gain.

Bigarren fase horretan parte hartzen dutenek zentroaren irudi korporatiboa definituko duen proiektua garatu beharko dute gero.

Tabakalerak egindako deialdi honi buruzko informazio gehiago eskuratu nahi dutenek, dagoeneko badute Tabakalerako webgunera jotzea: www.tabakalera da berau.

IRIZPIDEAK

Prozesuak hainbat adituren laguntza jaso du, eta eraikinaren izenari eusteko orduan Europako hainbat hiritako esperientziak ere aintzat hartu dituztela jakinarazi dute zentroko arduradunek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo