GARA > Idatzia > Editoriala

Klandestinitatea, kartzela eta dilemak

Ziur asko, Rubalcaba Barne ministroak Europako bere homologoei martxora arte ehunka «ETAko kide» atxilotuko zituela esan zienean, horietatik gutxik pentsatuko zuen beren etxeetako oheetan, beren familiarekin bizimodu arrunta egiten ari ziren pertsonez ari zela. Alegia, jardun publiko eta huts- hutsean politikoa duten pertsonez. Areago, mundu osoko Barne ministroen aldetik gizatasun handiegirik eta ikuspegi politiko sakonik espero behar ez bada ere, ziur asko horietatik inortxok ere ez zuen imajinatu «ETA desagerrarazteko» espainiar estrategen azken ideia, 200.000 boz dituen mugimendu politikoa klandestinitatera bultzatzea izan zitekeenik.

Hori baita azken hilabeteetan Estatuak martxan duen operazio errepresibo iraunkorraren azken xedea: independentismoa, klandestinitatea ala kartzela ezbaiaren aurrean jartzea. Inork zalantzarik bazuen oraindik, atzoko atxiloketek argi erakutsi dute. Duela urtebete Patxi Lopezek aukera hori aurreratu zuen, eta prozesuak porrot eginez gero, ezker abertzalearen etorkizuna «klandestinitatea, marjinalitatea eta erresistentzia politikoa» zirela aurreikusi. Baina 2002an, lehendabiziko ilegalizazio prozesuan, galderari erantzuna emana zion ezker abertzaleak Arnaldo Otegiren ahotik: «klandestinitate ezaren aldeko apustua egin genuen, masa borroka eta borroka instituzionalaren aldeko apustua».

Igandean, GARAri eskainitako elkarrizketan, Karmelo Landak honela azaldu zuen egoera: «Egunero prentsaurreko bat emateagatik, edo honen moduko elkarrizketa emateagatik kartzelara zoaz». Eta atzo ikusi genuenez, arrazoia zuen. Baina elkarrizketa eskainiz, Bilboko manifestazioan parte hartuz eta Greba Orokorra deitzeko prentsaurrekoa emanez, Landak 2002an ezker abertzaleak Estatuari emandako erantzuna berretsi zuen. Ezker abertzalea nukleatzen duen balio nagusia ez delako indarkeria, duintasuna baizik. Eta, gaueko ordu txikitan hango edo hemengo ohetik bahitua, ziegetan biltzen da herri honen aurpegirik duinena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo