Ejidoko garaipenaren biharamuna
Golegilea pozik agertu da taldearen jarrerarekin
Diaz de Zerioren ustez, txuri-urdinek «edozer lortzeko aukerak mantentzen» dituztela nabarmendu zuen
GARA | DONOSTIA
Zelai barruan, Realak protagonista nabarmena izan du azken asteotan. Berau, Iñigo Diaz de Zerio aurrelaria da. Gipuzkoarrak bederatzi gol erdietsi ditu jada, eta bere taldeak igotzeko dituen esperantzak gorpuzten ari da. Izan ere, donostiarrak atea ikusteko daukan erraztasunak oso puntu baliotsuak eman dizkio Realari.
Ejidon garaipena eman zien gola egin ostean, Iñigo Diaz de Zerio Zubietako prentsaurrekotik pasa zen atzo. Golegilea pozik zen, alde batetik bere taldeak erakutsitako jarrera ona agertu zuelako eta, bestetik, hiru puntuek «Realak edozer lortzeko aukera» izaten jarraitzen duelako. Lehia bukatu bezain pronto Jose Ramon Eizmendik adierazi zuen moduan, Almeriako partida erabat baldintzatu zuen bertako haizeak.
Diaz de Zerio entrenatzailearen iritzi berekoa zen. Hortaz, gipuzkoarrek «aurkariek beste gogo eta jarrera erakutsi genuen. Ildo horretatik, nahiz eta haize asko egon, beraiek baino gehiago izan ginen eta gola egitea lortu genuen».
Egun, txuri-urdinak igoera postuetatik puntu bakarrera daude. Egoera onak, gipuzkoarren aukerak indartzen ditu, are gehiago orain arte sailkapenaren goialdean egon diren talde batzuk, Sporting kasu, kinka txiki batean direnean. Horren haritik, donostiarraren ustez, «talde asko ari dira borroka berean buru-belarri, baina beti dago helburua lortzen ez duenik. Azken asteotan, adibidez, Sporting ez da emaitza onak lortzen ari, Bigarren Mailan inork ez baitu doako oparirik egiten».
Arlo pertsonalari dagokionez, aurrelaria pozik eta gustura zen, egiten dituen golak «puntuak pilatzeko balio dutelako, bestela, inolako etekinik atera ezean, golek ez baitute ezertarako balio». Ejidoko partidan, Diaz de Zeriok taldekide berria izan zuen Realaren erasoan: Victor Casadesus. Mallorcatik etorritako jokalariaren jardunaren inguruan, gipuzkoarrak honakoa adierazi zuen, «esperientzia ona izan zen; lehian elkarren bila aritu ginen, eta, azkenik, elkar aurkitzea ere lortu genuen». Hala ere, Diaz de Zeriok besterik ere gaineratu zuen, «lehen zatian atzera geratu ginen nabarmen, baina gero taldea gehiago lagundu genuen».
Diaz de Zeriok ez du burua Pichichi saria lortzean jarrita. Izan ere, bere esanetan «helburua igoera lortzea da, punturik ematen ez duten golek ez naute betetzen».