Koparen biharamuna
«Magiazko denbora» utzita, errealitatera itzultzeko sasoia
Baskoniari Euroligako Top-16a Lituanian ahalik eta sendoen hastea dagokio eta Bilbao Basketi, berriz, Kopako «zauriak» sendatzea, pena ororen gainetik
GARA | GASTEIZ
«Magiazko denbora» da ACB Ligaren leloa. Kopa amaitu berri delarik, magia alde batera utzi, eta errealitatera itzultzeko sasoia da euskal taldeentzat. Hala, Tau Baskoniak, atsedenik hartzeko asti handirik gabe, Euroligakoi Top-16ari ekin beharko dio bihar Vilniusen Lietuvos Rytasen aurka. Bestetik, Iurbentia Bilbao Basketek Kopak lagatako «zauriak» sendatzen hasi beharko du. Iritsiko dira gero ere, magiazko denbora berriak.
Garaipena ospatzen ez du nekerik hartuko Neven Spahijaren taldeak, igandean DKV Joventuten aurka finala 80-82 galdu ostean. Epaileen erabaki eztabaidagarriek eta, batez ere, Rudy Fernandezen 32 puntuek, arabarrak etxean irabazle ateratzea galarazi zuten.
Alabaina, negarrak eta lanturuak hegazkinean amaitu beharko dira, Vilniusa bidean, ale gia. Top-16an ez dago malkoentzako lekurik, are gutxiago Tau Baskoniarentzat; gasteiztarren helburua beren taldeko aurreneko postuan amaitzea baita, final-laurdenetako kanporaketan Panathinaikos «ahalguztiduna» saihestu, eta laugarren urtez jarraian Final Fourrean izateko.
Kopa garestia bilbotarrentzat
Arabarrek aste hau depresioak jota hasi badute, ez daude askoz hobeto Bizkaian. Iurbentia Bilbao Basketek itxura bikaina eman zuen Kopan eta finalaurrekoan estu hartu zuten Tau Baskonia, nahiz eta azkenean galtzaile izan.
Alabaina, oso garesti atera zaio Txus Vidorretak zuzentzen duen taldeari Kopako parte hartzea. Axa Bartzelonaren aurka Luke Reckerrek min hartu zuen sorbaldan -atera egin zitzaion baloi baten bila lurrera jauzi egitean eta sei edo zortzi astean jokatu ezinda egongo da- eta Tau Baskoniaren aurka, berriz, Martin Rancik lesionatu zen.
Nitrako hegal-pibotak bizkarrean kolpe txar bat hartu zuen ostiraleko entrenamenduan eta, hori gutxi balitz, belaunean min hartu zuen euskal derbian McDonald gainera erortzean.
Atzo bertan egin zioten erresonantzia magnetikoa eslovakiarrari, eta behin-betiko emaitzaren zain daude bizkaitarrak. Taldeko informazio iturrien arabera, eskuineko belauneko lotailua «ikuturik» dauka, eta baita abduktorea ere. Dena dela, «24 edo 48 orduren» buruan jakingo omen da Rancik zenbat denborarako galduko duen Vidorretak.
Reckerri buruz, ostera, «hiru astean sorbalda geldirik izan beharko» duela eman zuten aditzera Iurbentia Bilbao Basketetik. Hiru astean geldirik egon beharko da, eta ondoren berriz hezten hasiko da. Orotara, Ohioko eskolta «sei edo zortzi astez» ezingo da kantxara itzuli. Horiek hala, talde bilbotarra Reckerrentzat ordezko bila hasi da. Komunitario edo extrakomunitarioa izango da jokalari berria.