GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Unibertsitatea martxan egon liteke 2010-2011 ikasturterako

Udako Euskal Unibertsitateak, Kontseiluak eta Nazio Eztabaida Guneak Euskal Unibertsitatearen proiekturako hitzarmena adostu dute. Ekimena Iruñean aurkeztu zuten atzo, eta bertan proiektuaren koordinatzaile Joxan Oizek jakinarazi zuen lan talde horren helburua «Euskal Uni- bertsitatearen aldeko Fundazioa sortzea» dela, eta ildo horretatik, unibertsitate nazional hori 2010-2011 ikasturterako martxan egon litekeela iragarri zuen.

p022_f01_100x110.jpg

Asier VELEZ DE MENDIZABAL |

Euskal Unibertsitate Nazionalerako proiektua errealitate bihur liteke 2010-2011 ikasturtean. Hala iragarri zuen Joxan Oiz Euskal Unibertsitatearen sustapen taldeko koordinatzaileak atzo Iruñean eskainitako prentsaurrekoan. Proiektu hori aurrera eramateko, UEUk Kontseilua eta Nazio Eztabaida Gunea «bidelagun» izango ditu, hiru erakundeek «Euskal Unibertsitate euskaldun, herritar eta nazional berria» eratzeko proiektuan bat egiten baitute.

Alde horretatik, Oizek nabarmendu zuen sortu berri den ekimen honen helburu nagusia «Euskal Hezkuntza Sistema Nazionalaren alde lan egingo duten eragile sozial eta ekonomikoak bildu dituen Euskal Uni- bertsitatearen aldeko Fundazioa» sotzea dela, bide horretan «urrats sendoak» emanez urte batzuen buruan egitasmoa gauzatuko litzatekeelarik.

Hala, Fundazioa osatze bidean, datozen hilabeteetan «eragile sozial, ekonomiko, sindikal eta politikoekin harreman zabala» aurrera eramango dutela iragarri zuen. «Proiektuaren lehenengo pausoa hitzarmen hau adostea izan da, eta bigarrena, indar metaketa hori oraindik are gehiago zabaltzea izango da. Horretarako, hilabete batzuen buruan proiektu honen aldeko Fundazioa sortzea aurreikusi dugu», iragarri zuen sustapen taldeko koordinatzaileak.

Era berean, Oizek oroitarazi zuen Euskal Unibertsitate horren bost ezaugarri nagusiak 2006. urteko aurreproiektuan adostutakoak izango direla. «Euskarazko unibertsitate eleanitza izango da, euskal mun- dua egituratu, ardatz hartu eta euskararen hizkuntz komuni- tatea indartzen lagunduko duena. Era berean, gizarte partai- detzazkoa, demokratikoa eta aurrerakoia izango da, Euskal Herriaren eraketa soziopoliti-koan ere lagunduko duena, eta azkenik, unibertsitate homologatu eta europarra izango da», azaldu zuen bere mintzaldian.

Hala, hitzarmenaren koordinatzaileak nabarmendu zuen proiektuak eragile guztien al-detik «oso harrera positiboa» jaso duela, eta orokorrean, euskal jendarteak «ekimenean laguntzeko» gogo handia duela adierazi zuen.

UEU, proiektuaren motorea

UEUko zuzendari Lore Erriondok gogorarazi zuen 1970ean erakunde honek Euskal Unibertsitatearen bidean «urratsak eman baino, motore izatea» erabaki zuela, eta horren haritik, UEUk hamarkada hauetan «udako ikastaroak antolatu, unibertsitate mailako ikas materialak argitaratu edo profesionalen bilguneak antolatu» dituela gogorarazi zuen.

Dena den, nabarmendu zuen «urrats kualitatiboak» eman ahal izateko, beharrezkoa dela gizarteko beste eragileekin indarrak batzea, haren ustez, «herri honetan zerbait lortzeko guztiok indarrak norabide berean bideratzea beharrezkoa baita».

kokapena

Proiektu honen koordinatzaile Joxan Oizek adierazi zuen oraindik ez dutela erabaki Euskal Unibertsitateko campusa non kokatuko den, baina lana «nahiko aurreratuta» dagoela jakinarazi zuen.

«Pribatua izan arren, bokazio publikoarekin jaioko da»

Etorkizuneko Euskal Unibertsitatearen inguruan, Nazio Eztabaida Guneko ordezkari Maite Aristegik jakinarazi zuen «unibertsitateak izaera pribatu juridikoa» izango duen arren, bokazio publikoarekin jaioko dela, azken finean, «zerbitzu publikoaren eta jendarteari eskaintzen zaion zerbitzu baten bokazioa izango baitu».

Horren haritik, Aristegik gogora ekarri zuen Nazio Eztabaida Guneak sortu zenetik helburu argia izan zuela. «Euskal Herriaren biziraupena eta garapena ziurtatzeko baldintzak zeintzuk izango ziren aztertzea eta horiek gauzatzeko guztion artean adostasunezko urratsak ematea». Ikuspegi horretatik, nabarmendu zuen UEUren egitasmoa hasieratik bere erakundearen «egin beharrekoen artean» egon dela, batik bat, Euskal Unibertsitateak «Euskal Herriaren garapenean duen garrantzia» kontuan hartuz. Era berean, Unibertsitate euskaldun horrek «hezkuntza sistema nazionalaren sorreran pauso garrantzitsua» izango dela goraipaitu zuen Aristegik.

Xabier Mendigurenek, bere aldetik, jakinarazi zuen Kontseiluaren «helburu nagusia euskararen normalizazioa izanik», Euskal Unibertsitatea lortzea «ezinbestekoa» dela, eta alde horretatik, «unibertsitatea euskalduntzea hizkuntza politika egokiaren ardatza» dela nabarmendu zuen. A. V. M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo