sokatira Euskal Herrikoa
Abadiñok aise eskuratu du bigarren txapela ere
Bizkaitarrek herenegun eskuratu zuten 680 kiloko garaipena, gainerako taldekideen gainetik daudela eta aurkariek beste bi pisuetan beraiei aurrea hartzeko lanak izango dituztela argi eta garbi utzita
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Abadiñok ez dauka parekorik Euskal Herri osoan, herenegun nagusitasun erabatekoa erakutsi zuen 680 kiloko finalean, eta denboraldi honetako bigarren txapela jantzi zuen, eta falta diren beste bietan galtzea ere zaila izango da.
Azkenean jardunaldi bakarrera jokatu dute pisu honetako txapelketa, eta horretan Abadiñok aparteko eragozpenik ez zuen izan garaipena erdiesteko.
Bost talde izan ziren lehian, eta denak mendean hartu zituen talde bizkaitarrak, eta horrekin batera sailkapen nagusiko lehen postua segurtatu zuen. Bigarren postuan Ñapurrak sailkatu zen. Ezpeletako taldeak ezer gutxi egin ahal izan zuen txapeldunen aurka, baina gainerako talde guztiak mendean hartu zituen.
Hirugarren posturako lehia handiagoa izan zen, baina azkenean Amaiurrek aurre hartu zion Abadiñoko bigarren taldeari, eta hirugarren postu hori lortu ahal izan zuten. Abadiñokoak, aldiz, laugarren geratu ziren. Bizkaitarren asmoa lehen bi postuetan bi taldeak sartzea zen, baina pisu honetan ez dute posible izan. Sailkapeneko azkeneko postuan Uztaritze geratu zen. Lapurtarrek jokatutako proba guztiak galdu egin zituzten.
Sailkapen nagusia honela geratu zen. Abadiño A izan zen txapeldun, 5 puntu eskuratuta; bigarren Ñapurrak geratu zen 4 punturekin; hirugarren Amaiur 3rekin; laugarren Abadiño B 2rekin, eta azken postuan Uztaritze, puntu bakar batekin.
600 kilokoa
600 kilotan, berriz, larunbatean abiatu zen lehiaketa Elizondon. Pisu honetan ere bost talde dira, baina liga moduan egingo da, eta hiru jardunalditan erabakiko da auzia.
Pisu honetan ere Abadiñoko da irabazteko lehen talde faboritoa, eta ez zen ezusterik izan, bizkaitarrek aise irabazi baitzieten jokatutako proba guztietan. Sailkapeneko lehen postuan dira lehen jardinalditik, eta zaila izango da horiek hortik kentzea, besteen gainetik daudela erakusten baitute jardunaldia joan eta jardunaldia etorri.
Bigarren posturako lehia handiagoa izan zen, eta horixe izango da hemendik aurrera pisu honi emozioa emango diona, izan ere lehian dabiltzan beste lau taldeak parekotasun dezente zituztela nabarmendu baitzen. Bigarren postu horretan, berdinduta geratu ziren Sokarri eta Amaiur. Abadiñoko lehen taldearekin bi tiraldiak galdu zituzten, elkarren arteko neurketa parra amaitu zen; bizkaitarrek Berriozarrekin tiraldi bat galdu zuten, eta nafarrek, aldiz, Abadiño B taldearekin galdu zuten tiraldi bat.
Laugarren geratu zen Abadiño B. Lehen taldearekin eta Sokarrirekin bi tiraldiak galdu zituzten, eta Berriozarri biak irabazi zizkien, eta bat Amaiuri. Azken postuan, Berriozar sailkatu zen, Sokarriri bakarrik irabazi baitzion tiraldi bat, eta beste gainontzeko guztiak galdu egin zituen.
Honela geratu zen pisu honetako sailkapen nagusia: Lehen postuan Abadiño A, 5 punturekin, bigarren postuan berdinduta Sokarri eta Amaiur 3,5 punturekin, laugarren Abadiño B bi punturekin, eta azken postuan geratu zen Berriozar puntu bakar batekin.
Pisu honetako hurrengo jardunaldia datorren asteburuan jokatuko dute Legution, eta bertan, Abadiñok txapela segurtatu dezake. Ondoren, atseden hartuko dute, hemendik bi astetara Mundiala izango baita, eta aurten, berriro ere, euskal taldeek aukera izango dute han lehian aritzeko eta dominak etxera ekarri ahal izateko.
Ezpeletako taldeak oso lan ona egin zuen 680 kilotan, eta sailkapeneko bigarren postua lortu zuen, nahiz eta Abadiñokoen aurka ezer gutxi egin ahal izan zuten
600 kilo
600 kilotan ere, asteburu honetan hasi da Euskal Herrikoa; lehen jardunaldi honetan Abadiño izan da nagusi, eta beraiek izango dira hemen txapela lortzeko faborito nagusiak