GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Ezker abertzalearen aurkako erasoaldia

«Egon direnei eta etor daitezkeenei» egin die mehatxua Rubalcabak

«Pistolak babesten dituenak ez du demokrazian lekurik», esan zuen Barne ministro espainol Alfredo Perez Rubalcabak hamalau atxiloketei buruz galdetu ziotenean, eta «egon direnei eta etor daitezkeenei» egin zien abisua mehatxu moduan. Joseba Azkarragak horrelako jarrerek demokraziari ez diotela mesede egiten nabarmendu zuen. EAJk, aldiz, atxiloketen gainean baino, nahiago izan zuen igandean Bilbon izandako istiluen harira mintzatu.

p010_f01_148x160.jpg

GARA | BILBO

«Estatuak ezin du onartu biolentzia txalotzen dutenek instituzio demokratikoetan leku bat izaterik», hala mintzatu zen espainiar Barne ministroa hamalau atxilotuei buruz, Madrilen hauteskunde kanpainaren barruan egindako ekitaldi batean. Auzitegi Na- zionaleko epaile Baltasar Garzonek bere erabakietan datu guztiak aurkeztu behar dituela ere aipatu zuen Alfredo Perez Rubalcabak agerpen horretan.

EAE-ANVren etena jasotzen duen erabakiaz mintzo den Auzitegi Gorenaren erabakia hizpide, irmo erantzun zuen Rubalcabak, eta alderdi ekintzalea legez kanpo uzteko Gobernua berandu ibili denik Gorenak ez duela esan baieztatu zuen. Horren haritik, Auzitegi Gorenak «intuizioak» aipatu ditu urte bateko egoera gogora ekarriz, ministroaren esanetan, eta ez «frogak».

Carmelo Barrio EAEko PPren presidenteak esan zuen atzoko hamalau atxilotuak «ETAk jokoan sartutako elementua» direla. «Batasunaren, ANVren edota EHAKren partaideek egin nahi dutena zera da, ETAk gizarteari egunero egiten dizkion ordagoak mahai gainean jarri; horiek gizartea eraikitzeko modu nazi, totalitario eta diktatoriala ordezkatzen dute, eta legea ez betetzeari egunero ekiten diote», gaineratu zuen Barriok.

Bizkaiko PPko presidente Antonio Basagoitik lotura argia ikusi zuen erabaki judizialaren eta ekimen politikoaren artean. Atzoko atxiloketei dagokienez, zera aipatu zuen: «PSOEk ez du uste osoa, gehiago ematen du hauteskundeen aurrean hartutako momentuko estrategia dela».

Senaturako PSEko Arabako hautagai Javier Rojok «koldarkeria eta adore falta» ikusi du ezker abertzalearengan. «Hauteskunde denboran legeak ez du oporrik hartzen, eta ez dugu baimenduko biolentziaren kredoa inposatzerik», esan zuen atxiloketei buruz. EBko koordinatzaile Gaspar Llamazares, aldiz, «elkarrizketaren poztasunetik ilegalizazioen depresiora pasatzen den terrorismoaren kontrako borrokaren psikosiak» kezkatzen du.

Lakuako Justizia sailburu Joseba Azkarragak ez ezker abertzaleko 14 kideren atxiloketak, ezta «bazterketa politikoak» ere, ez dutela demokraziak irabaz dezan laguntzen esan zuen. «Demokrazia jarduera eta ekintza politi- koarekin sakontzen da», zehaztu zuen, azken hilabeteetan gertatzen ari denaren oinarrian «epaile batek eta oso areto berezi batek bedeinkatutako erabaki politikoa» dagoela ohartarazi zuen. «Nola da posible auto baten bidez, epai bat izan gabe, herenegunera arte legitimo zena, gaur jarduera kriminal bilakatzea?». Bere alderdiak, EAk, ohar baten bidez Gobernu espainolaren «eromen errepresiboa» salatu zuen. «`Dena da ETA' tesi faltsuaren baitan, Estatu espaino-lean iritzi delitua ezarri da».

Aralarrek «aberrazio politiko» iritzi zion ezker abertzaleko 14 kideren atxiloketari. Ohar baten bidez azaldu zuenez, azken hilabeteetan «Estatuak gogor egin dio eraso ezker abertzalearen zati bati». «Politika egiteko modu zikin honek agerian uzten du Estatuaren jarrera frentista eta herri honetako sentsibilitate politikoa gaitzesteko asmoa. Berriz ere jarrera hau kritikatzeko eta salatzeko beharrean ikusten dugu geure burua, eta gure elkartasuna agertzeaz gain, aska ditzaten eskatzen dugu».

Aralarrek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan erabakitzeko eskubidearen alde lerratuko dela adierazi zuen «beti ere indarren batasuna baldin badakar». «Indarren batasunak posible izan behar du Euskal Autonomia Erkidegoan. Horretarako beharrezkoa da EAJk eta Batasunak jarrera aldatzea. Hauteskunde giroan ezinezkoa da; hauek joanda saiatuko gara», adierazi zuen.

EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, Andoni Ortuzarrek, igandean Bilbon izan ziren istiluei heldu zien. Bere esanetan, istiluokin «Garzoni eta Zapaterori masailekoa eman zaie, baina euskaldunen aurpegian», hauek izan baitira «ezker abertzalearen haserrea jasan dutenak: Bilbon zehar paseatzen ari ginen herritarrak, alderdi politikoen egoitzak, zerbitzu publikoak eta hiri altzariak». Euskal politikaren bi aurpegi ikusi direla azaldu zuen: «Batetik, itsusia, manifestazioetarako debekuak, atxiloketak eta ekintza bandalikoak, kale borrokarenak, ezbeharrei erantzuteko aztarna demokratiko gabeziarenak»; beste aldetik, berriz, «aurpegi positiboa», «Erabaki plataforma herritarraren aurkezpena Donostian». «Uste dugu euskal gatazka politikoa elkarrizketaren bidez konpondu behar dela, ahotsa, hitza eta boza herritarrei emanez», gaineratu zuen.

Igandean Bilboko kalean gertatutakoak hartu zituen hiriburuko Udaleko Bozeramaileen Batzarrak ahotan. Hala, EAE-ANVri eta EHAKri, «beldurra eragin zuten istiluen» aurrean, «erabateko errefusatzea» eskatu zion. «beharrezkoa da sentsibilitate politiko guztiek gisa honetako erasoak baztertzea, benetan demokrazian, askatasunean eta bakean sinesten badute». Apropos eta aurretik pentsatutako ekintzak izan zirela adierazi zuten.

Alde horretatik, Bilboko ezker abertzaleak salatu zuen deigarria dela adostutako agirian «PSOEk eta Justizia espainolak ezarritako salbuespen egoerari, Garzonen jardunari, eta ertzainen eginkizunari lerro bakar bat ez eskaintzea. «Komunikatu honen bidez, EAJk eta EBk agerian uzten dute garrantzia handiagoa ematen diotela zaborrontzi batzuk erretzeari, 200.000 pertsonaren heriotza zibil eta politikoari baino». Zera galdegin zion Azkunari: «Zer gertatuko litzateke bulegoan dagoen zure alderdiko kideak kaputxadunak gidatu beharrean, manifestaziorako oinarrizko eskubidea bermatu izan balu?».

intuizioak

Perez Rubalcabaren hitzetan, Auzitegi Gorenak «ez du esan» espainiar Gobernua berandu ibili denik EAE-ANVren etena lortzeko, duela urte bete «intuizioak» baino ez zirelako egon.

demokrazia Zalantzan

Bai ezker abertzaleko arduradunen atxiloketak, baita alderdien ilegalizazioak ere «demokrazia zalantzan jartzen duten neurri errepresiboak» direla esan zuen ERC alderdiko Bartzelonako hautagai Joan Ridaok.

elkartasuna

«Demokraziari erasoa», hala definitu ditu Zeltiar Ligak alderdi abertzaleen ilegalizazioak eta atxiloketak. «Mundu mailako elkartasunari eta independentziaren aldeko ekimenari esker» Euskal Herria aurrera aterako ei da.

Tentsio gehiago

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak atzo esan zuenez, «Alderdien Legeak euskal hautesleen zati handi bat adierazpen politiko barik utz dezake, eta egungo egoera sozial eta politikoan tentsioa areagotu, eta muturrera eraman dezake».

Espacio alternativo

Espacio Alternativok salatu du EAE-ANV eta EHAKren aurkako erasoa pauso bat gehiago dela «Zuzenbide Penal etsaia» ezartzean. «Honen bidez `terrorista' kategoria ezartzen diete `terrorista' deitutako erakunde armatuak gordetako ideiak defendatzen dituztenei».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo