GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Fito Rodriguez Idazlea

Gau luzea

Espainiako monarkiak politikarako eskaintzen dituen arauek ez dute balio. Noski, baliagarriak izaten dira haren sistemaren baitan aldaketak bideratzeko, baina ez sistema bera aldatzeko

La nit que llarga que és, la nostra nit, la nit» (zein luzea den gaua, gure gaua, gaua) abesten zuen Raimonek espainiar Estatuan politika demokratikoa gauzatu ahal izana debekaturik zegoela... Zegoenean! Akaso egun gertatzen ari den guztiak Espainiako Erresuman demokrazia badagoela esaterik baimentzen al digu?

Legeen justiziaz galdetzea debekatzen duena da lege zuzen bakarra, zioen Platonek baina, jakina, hark errepublika autoritarioa hobesten zuen soilik eta Espainia, bistan da, monarkia eta, era berean, demokratikoa omen da.

Orduan, zergatik atxilotu egiten dituzte legeen justiziaz ozenki eta publikoki galdetzen dutenak? Terroristak direlako diote, baina...

Terrorismo hitza, berez, terreo esanahitik eratorritakoa dugu. Hau da, besteari «dardararaztea» edo, hobeto agian, «ikararaztea» litzateke haren jatorria.

Bestea, izuaren bidez, desagerraraztea da terrorismoa. Eta horretarako ez da beharrezkoa izaten inor hiltzea. Fededunak terroristak dira («Elizaz kanpo ez dago salbatzerik», esan ohi dute katolikoek...). Psikologoak terroristak dira besteen emozioak patologizatuz bestearen hitza ebatsi egiten dutenean eta, gurasook edota irakasleok ere, terrorista bihurtzen gara gure haurrak edo ikasleak isilarazten ditugunean. Bestearen izaera eta hitza ez onartzen eta ezabatzen den neurrian garatzen da terrorismoa.

Izuaren monopolioa estatuari dagokiola Justiniano enperadoreari zor zaio. Handik hona, estatuarekin hitz egin nahi izatea, berriz, horixe da botereak inoiz onartu nahi izango ez duena. Are gutxiago modu publiko bezain gardenean egin nahi izaten bada zeren, Platonek goian adierazi bezala, estatuaren legeen justiziaz ezin da zalantza izpirik ere zabaldu, bera baita haien egile (autorea) eta, horregatik, berea botere autoritarioa da berez. Estatuarekin ezin da hitz egin. Elkarrizketa (dialogoa) ezinezkoa da. Estatuaren monologoa terrorista baita.

Espainiako monarkiak politikarako eskaintzen dituen arauek ez dute balio. Noski, baliagarriak izaten dira haren sistemaren baitan aldaketak bideratzeko, baina ez sistema bera aldatzeko. Edo, beste era batez adierazita, arau haietan jokatu daiteke galtzeko, baina inoiz ez irabazteko. Sistema arriskuan jar dezakeena desagerrarazi beharra dago.

Hori dela-eta onartzen dira hauteskundetarako arau sistema zalantzan hartuko ez dutenak bakarrik, tranpak salatuko ez dituztenak... menperatutako hitz jarioak, diferente izateari utzi izan dioten haiek, estatuarekin buruz buru beldurrik gabe hitz egiteko gai ez direnak estatuaren morroiak besterik ez direlako.

Gleiche Freiheit für alle (askatasun berdina denontzat) aldarrikatu zuen Inmanuel Kantek «Betiereko Bakea» lortzeko bidean, baina, hemen eta orain, giro iluna dago eta ez zaio egunsentiari antzematen.

«Tras la noche, vendrá la noche más larga... quiero que no me abandones, amor mío, al alba» (Gauaren ondorena, gau luzeagoa izango da... egunsentirako ez nazazu bakarrik utzi, maitea).

Hauteskunde faltsuak datoz, estatuaren terrorismoak ez baitu lehiarako egia diferenteak plazaratzen uzten eta diferenteak atxilo eta kondenatu egiten dituelako.

Aldiz, izaera diferente (di fero baztertu beharrekoa) haren aurkako jazarpenak maite ditugunak lapurtu eta giltzapetu badizkigu ere, egunabarra argitu bitartean ez ditugu bakarrik utziko zeren, neguko gaua luzea izan arren, goiztiria etorriko da eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo