Arte plastikoen arloan ikerketari Urrezko Domina jaso du Jesus Lizaso eskultore bizkaitarrak
«Ikerketarako duen nahia eta eskaintze osoa» saritzeko arte plastikoen arloan ikerketari Urrezko Domina eman zioten atzo Jesus Lizaso eskultoreari. Artistaren konpromisoa: lanean jarraitzea.
GARA | BILBO
Faustino Orbegozo Eizaguirre Fundazioaren Humanitateen eta Artearen Institutuak Arte plastikoen arloko ikerketarengatik ematen duen Urrezko Domina jaso zuen atzo Jesus Lizaso eskultoreak (Barakaldo, 1961). Sari horren bidez, «sortzaile honek ikerketarako duen nahia eta eskaintze osoa» saritu nahi izan du fundazio honek, baita «artista ezberdina, berria eta sortzailea» izatea ere.
Horrela azaldu zuen Jose Antonio Ibañez de Garayo Fundazioko Patronatuko presidenteak. Bilbon egindako ekitaldian Miren Azkarate Kultura sailburua eta Hezkuntza sailburu Tontxu Campos egon ziren, besteak beste.
Lana eta iraunkortasuna
«Lizasoren lanak lau oinarri nagusi ditu: lana, iraunkortasuna, ikerketa eta intuizioa. Horrelako baloreekin lan sakonak, garrantzitsuak eta emankorrak lortu ditu. Izan ere, bere lan artistikoaren ibilbidean ikerkuntza eta aldaketaren etengabeko bidea izan baita hori», azaldu zuen Ibañez de Garayok.
Horren haritik, eskultorearen lanak Euskal Herriko hainbat herritako plazetan egoteaz gain, munduko beste hainbeste hiritan ere topa daitezkeela esan zuen Azkaratek. Horien artean, Barakaldo, Basauri, Erandio eta Mungia herriak daude, baita Madril, Bartzelona edota Estatu Batuetako Chicago eta Indiana hiriak ere, esate baterako.
Lizasok jasotako saria eskertu eta, horrek aurrera egiten jarraitzeko lagunduko duela ziurtatu zuen. «Eskultore batek duen bizimodu ezohikoa mantentzeko egin dudan ahaleginaren aitormena da sari hau», adierazi zuen.