Euskal Herria mapan ikusten ez bada ere...
Dorleta URRETABIZKAIA
Aktorea eta idazlea
Orain gutxi, Joan Brossaren maskaradun sagarrak banatuak izan dira. «Marat-Sade» antzezlanak eraman du sagar kopururik handiena; antzezlanik hoberena, zuzendaririk onena (Andrés Lima) eta ekoizle pribaturik onenaren sariak. Nabarmendu beharra dago, Animalario taldea erreferente bilakatzen ari dela egungo antzerki panoraman. Taldeak antzerkiarekiko duen ikuspuntuagatik, bere lan egiteko moduagatik eta baita gizartearekiko eta pertsonekiko agertzen duen konpromisoagatik ere. Antzerkiak, arte guztiek bezala, astintzeko, gauzak aldatzeko edota muturren aurrean egi borobilak jartzen dituenean, oihartzun indartsuak sortzen baititu gizartean eta baita pertsona indibidualengan ere. Errekara jaurtitzen den harriak sortzen dituen etengabeko zirkuluak bezala.
Baina gatozen mapan ikusi ere egiten ez den lurralde honetara. Maite Agirrek, Ines Martinezek eta Santiago Ortegak «Haur kabareta» testuagatik euskarazko testurik onenaren saria eraman baitute. Eta Ur taldeak taularaturiko «El chico de la última fila» antzezlanagatik ere, gaztelaniazko antzerki idazle onenaren saria eraman baitu Juan Mayorgak. Sevillatik Bilbora jauzi egingo dut. Ercilla sarietara. Gizarte-segurantzan bezala, artistak eta toreroak zaku berean biltzen dituen sarira. Euskal Herriko antzezpen onenaren saria Kanpingags ek taularaturiko Jasmina Rezaren «Artea» antzezlanari eman baitiote eta antzerki munduan egindako urteetako lanagatik ematen den saria berriz, hasi berri den Eibarko Antzerki Jardunaldietan urteetan zehar lanean daraman Juan Ortegari.
Eibarko Antzerki Topaketa Internazionala bere hogeita hamaikagarren edizioa ospatzen hasia da hilaren 7an. Urtero bezala, leku eta mota guztietako antzezpenak ikusteko aukera izango dugu, baita Coliseo antzoki berritua ere, martxoaren 15a bitartean. Daniel Veronese argentinarrak moldaturiko «Espía a una mujer que se mata obrarekin» dibertigarriarekin eman zaio hasiera jaialdiari. Mundu guztiko eta bertako hainbat antzezpen ikusteko beta izango dugu bertan. Cuarta Pared taldearen «Rebeldías posibles», Gorakada bizkaitar konpainiaren «Irudimendeko Hiria», Petit Pas taldearen «Amour à mére», Teatro Corsarioren «Aullidos. Un cuento de hadas para adultos», «Sommer jaunaren istorioa» bakarlana, «Grönholm metodoa» euskaraz eta erdaraz... etab.
Eta kantuak dioen bezala, Euskal Herria mapan ikusten ez bada ere, futbolagatik, eta baita bertako apaizengatik ere, Aita Santuak izaten du gure berri. Eta baita antzerkian ere.