GARA > Idatzia > Musika

Mozorro berriak helburu zaharrekin

Aritz SOUND SYSTEM

Kazetari eta | musika adiktoa

Amaitu dira inauteriak. Urtaro berria agurtzeko festa zen hasieran, udaberriari, naturaren aro berriari, ongietorria emateko ospakizuna. Denborarekin, mozorroen bidez, aldaketarako eta askatasunerako beharraren aldarrikapena irudikatu du. Bai lehen eta baita orain ere, edozein ospakizunetan bezala, dantza eta musika ezinbesteko osagaiak dira eta kalea da ospakizun horren eremu naturala. Kalera irten eta kalea berreskuratu. Publikoaren aurrean pribatua defendatzen dutenek kalea eremu debekatu bihurtu nahi dute eta segurtasunaren eta «bizikidetzaren» aitzakiaz, oztopoz eta debekuz bete dute. Iragan diren inauterietan, azkenaldian gure karriketan ugaritzen ari den mozorroarekin egin dugu berriro topo. Limitadorea izena du eta bizilagunen atsedenaren defendatzaile jantzia du soinean. Inauteriak irauten duen bitartean udal agintea herritarron esku geratzen omen da, baina, badaezpada ere, agintea «utzi» aurretik gauzak ondo «lotuta» uzten dira. Tolosako inauteriak (Euskal Herrian ospe handiena duten horiek) kalean sortzen duten giroagatik dira ezagunak; koadrilen karrozak, mozorro desfileak eta txosnak. Beste urte batez, udal agintariek limitadorea jarri dute txosnetan. Azarotik prestaketa lanetan egon arren, udal agintariek azken unean eta ezer negoziatzeko aukerarik utzi gabe eman zieten inposaketaren berri. Teorian, limitadoreak, izenak adierazten duen bezala, soinu ekipoen bolumena mugatzen du, baina, erabiltzen den limitadoeraren arabera, bolumena mugatzeaz gainera, soinu kalitatean ere eragina du (txarrerako, jakina). Tolosan egon ginenok (gu igandean) ikusi ahal izan genuen txosna gunean ez zela musikarik ia entzuten eta entzuten zen apur hori, oso kalitate txarrarekin. Hala eta guztiz ere, praktikan, musikarik gabeko gunea izanda ere (festa batzuetan pentsaezina), jendez gainezka zegoen (antolatzen dituzten taldeek duten babesaren erakusgarri garbia). Bitxia da, baina, txosna guneko karpa barruan ginela, kanpotik etorritako «musika» bertakoa baino gehiago entzuten genuen. Txosnak dira talde askok duten diru iturri nagusia, eta instituzioekiko independentzia ziurtatzen die. Galdera batzuk: Nola batera daiteke festa eta bizilagunen atsedena? Inplikatutako guztien parte hartzerik gabe posible ote da oreka/adostasuna? Nola, nori eta zertarako jartzen dira limitadoreak? Bizilagunen atsedena aitzakia bezala erabiltzen da talde batzuk boikotatzeko?

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo