18/98 sumarioan auzipetutako Unai Hernandez atxilotu dute Baiona Ttipian
GARA |
Askatasunak jakinarazi zuenez, atzo, arratsalde hasieran, Unai Hernandez atxilotu zuten Baiona Ttipiko ostatu batean. Kalekoz jantzitako bi polizia taberna barrura sartu eta Lapurdiko hiriburuan bizi den santurtziarra atxilo hartu zuten.
Erakunde antierrepresiboak gogor salatu zuen atxiloketa hau. «Azken asteotan gertatu direnei so, iheslarien aurkako egiazko polizia sarekadaren aitzinean gaudela dirudi», nabarmendu zuen. Hernandez 18/98 auzian auzipetuta dagoela eta «Auzitegi Nazionalaren jazarpena medio», Baionan bizi zela gaineratu du. Gaur 18.30ean, beste atxiloketa hau salatzearren, udaletxe aurrean izango den kontzentrazioan parte hartzeko deia egin du.
Pascualtarrak, espetxean
Joan den asteartean hiri berean atxiloturiko Garikoitz eta Eneko Pascual lehengusuak, berriz, Seysseseko presondegian espetxeratu zituzten asteazkenean. Bi hernaniarrak ere Baionan bizi ziren eta Polizia frantsesak ibilgailu baten barnean zeudela atzeman zituen.
Baionako polizia-etxetik Paueko fiskalaren aitzinera eraman zituzten Ismael Moreno epaile espainolak bata zein bestearen kontra zuzendutako euroaginduaren berri emateko. Datorren asteartean aztertuko da Paueko Dei Epaitegian, Auzitegi Nazionalak, «erakunde armatu baten kide izatea» leporatuta, egindako eskaria.
Bestalde, larunbatean, Hendaiako Kanttu ostatuan presoekiko elkartasunezko bazkaria egingo da. Igandean, otsailak 17, Nafarroa Behereko sostengu batzordeek antolatuta, bertso bazkaria izanen da Anhauzen. Bazkarirako erreserbak egiteko, aldez aurretik, 06.03.60.45.71 telefonora deitu beharko da.