GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Ez izatearen arintasun ikaragarria

Mariano Rajoy, Arias Cañete eta Espainia betierekoaren esentzien gainerako saltzaileek Madrilgo Gorteetarako hauteskundeei begira egindako proposamena, immigranteei kontratu bat eskaintzea, alegia, ez da kontu berria. Espainiar ohiturak eta balioak bereganatu, edo hala egin ezean alde egitea aspaldi luzean dago indarrean, kontraturik sinatu gabe ere, Euskal Herrian. Euskaldunari, dela berton sortua, dela immigrantea, espainiar kultura, balioak, sinboloak... kosmobisioa besarkarazi nahi diote. Eta lortu ere, zenbait euskaldunek hori besarkatzea lortu dute. Beste batzuk, ordea, berenari eutsi diotenak, bota egin dituzte, legez behintzat. Baina, adi, ez PP, oraindik orain proposamena egin duena, espainiar Gobernuan dagoenean bakarrik, «sozialistak» daudenean ere bai. Eta «sozialistak» direnez, beren balioak, balio espainiarrak, jakina, sozializatzea dute eginkizun nagusi, onean edo -gehienetan- txarrean. Hartara, ageri-agerian jarri dute euskaldunak dituen aukerak. Espainiar izan edo ez existitzea, ezereza.

Horiek horrela, ezker abertzalea egotzita dago, legez kanpo, orain dela urte gutxi bezala eta orain dela urte asko bezala. Eta joan dena edo bota dutena eskuarki egoten ez denez, uste izatekoa da ez dela egongo. Edo hala uste du Gasteizko Gobernuak behintzat, atzoko greba ez zela existitzen esan baitzuen. Ez diot nik sailburuari kontrakorik esango, are gutxiago justizia espainiarrari, ez horixe; hala ere, atzo ezker abertzalearen mobilizazioak ikusi nituen, aspaldiko partez ikusi gabe nengoen bizitasuna zutela, gainera. Ez dakit nolakoak diren mamuak, filmetan baino ez baititut ikusi, baina atzokoa ez zen fikzioa -eta bazkaltzeko ere ez nuen ardorik edan-, eta lagun horiek ez zuten mamu itxurarik ez ezer arraroren zantzurik.

Edonola ere, Lakuakoek ere ez dute esaten dutenaren uste osoa. Izan ere, existitzen ez direnei orpoz orpo jarraitzeko hain mamu aldra handia bidaltzea gehitxo iruditu zitzaidan, eta ez ziren existitzen ez direnen mamuak, umeak ikaratzen dituenaren antzekoak baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo