Lehia Ciutat de Valencian
Zigandak hamaikakoa errepika lezake aurrenekoz
Igandean Zaragozaren aurka jokatu zuten jokalari berberak Levanteren kontra hasieratik zelairatzeko aukera aztertzen ari da Larraintzargo entrenatzailea
GARA | IRUÑEA
Aukera ezin hobea du Osasunak asteburu honetan sailkapenean jauzi kualitatiboa emateko. Zigandaren mutilek sailkapeneko azken taldeari bisita egingo diote, eta aurreko astean Zaragozaren aurka lortutako garaipenak emandako baikotarsuna eta Levanteren arazo ekonomikoak beren alde izango dituzte.
Taxoaren egindako lan saioetan pista handirik eman ez badu ere, baliteke Larraintzargo prestatzaileak Aragoikoen kontra erabilitako hamaikako bera zelairatzea. Hala izango balitz, nafarrak Osasunako lehen taldea zuzentzen duenetik halakorik egiten duen lehen aldia izango litzateke. Horiek horrela, gorritxoen hamaikakoa, beharbada, honakoa izango da: Ricardo egongo litzateke atepean; Azpilikueta eta Natxo Monreal hegaletan, Krutxaga eta Josetxo defentsaren erdigunean; Puñal eta Javi Garcia euskarri postuan; Juanfran eta Plasil zelaia zabaltzen eta Dady caboverdetarra eta Carlos Vela, aurrelari lanak egiteko. Osasunako taldea Javier Agirrek zuzentzen zuen garaitik, ez da ikusi Osasunan Ligako ondoz ondoko bi jardunalditan hamaikako bera.
Atzo, Taxoareko prentsa aretoko protagonista Vela mexikarra izan zen. 18 urteko jokalari gazteak sailkapeneko azkenaren kontra aritzeak daukan zailtasuna azpimarratu zuen. Bere esanetan, igandeko norgehiagoka «zaila izango da: Ezin dugu azkenaren aurka jokatzen dugulako erraza izango denik pentsatu. Izan ere, jarrera horrekin zelairatuz gero, partida asko zailduko baitzaigu. Gauzak ez datoz berez, pentsatze hutsarekin».
Dena den, aztekarra itxaropentsu agertu da Valentzian garaipena eskuratzeko dituzten aukerei begira. Osasunak azken asteotan erakutsi duen joko hobeari buruz mintzatu zen Vela eta honakoa adierazi zuen: «Taldeari beste aurpegi bat ikusten zaio. Aurkariei gu mendean hartzea asko kostatzen zaie eta hori oso seinale ona da. Hala ere, joko onarekin soilik ez da nahikoa. Zentzu horretan, nire ustez bai Levanteren aurka igande honetan, bai hurrengo asteburuan, Sadarren, Atletico de Madrid taldearen kontra, garaipena lor dezakegu».
Taldearen itxura aldaketa horren inguruan galdetuta, mexikarrak adierazi zuenez, hobekuntzaren zergatia «lehenik eta behin, jarreraren aldetik dator. Egoeraz jabetuta gaude, badakigu non gauden eta hortik irten gura dugu, ez baitugu hurrengo denboraldian bigarren mailan jokatu nahi. Hori dela-eta, partida guztietan % 100 emateko zelairatzen gara eta lehia errazik ez dagoela aintzat hartuta, edozeinek beste edozeini irabazi ahal diola ohartzen gara».
Bere agerraldiaren azken zatian, Velak bere etorkizunari eta Mexikoko selekzioaren deialdien gainean hitz egin zuen. Gogoratu beharra dago, egun Arsenalek utzita jokatzen duela Osasunan. Horiek horrela, honakoa nabarmendu zuen: «Selekzioarekin aritzea atsegin dut. Nekagarria da, azkeneko aldiz 30 ordu behar izan nituen itzuli ahal izateko. Bestalde, Osasunan eta Iruñean oso gustura nago, asko ikasten ari naiz, hegalean jokatuta ez dut hainbeste gol sartzen baina hazten ari naizela jabetzen naiz. Nire etorkizunaren inguruan ez dut hitz egin nahi denboraldi bukaera arte».
Barakaldoren aurka Sadarren
Osasuna Promesasek igandean, 12.00etan, Barakaldoren aurka jokatu behar duen partida Sadarren egingo da. Talde gorritxoaren bazkideentzak eta 14 urte baino gutxiago dituztenentzat sarrera doakoa izango da.
La comisión de Urbanismo del Consistorio de Iruñea trató el pasado miércoles el proyecto presentado por Osasuna para la recalificación de los antiguos terrenos de El Sadarcillo y el Parque de Instalaciones. En el primero, se edificará un pabellón con capacidad para 10.000 personas. En el segundo, se construirá un edificio de oficinas de entre seis y doce plantas para uso de Osasuna. GARA