Hautetsi independentistek ere abortu librea eskatuko dute
Euskal Herriko hautetsi independentistek bat egin dute hainbat talde feministak biharko prestatu duten ekimenarekin, eta hala, abortu librea eta doakoa aldarrikatuko dute Iruñean. Nazio mailako manifestazioa 17.30ean abiatuko da autobus geltoki zaharretik, «Abortatzeko eskubidearen alde kalera!! Emakumeok erabakitzen dugu» lelodun pankartarekin.
GARA |
UPNren gobernuaren «praktika lege-hausleak» salatuko dituzte bihar Nafarroako hiriburuko kaleetan. Gogoz kontrako haurdunaldiak gutxituko dituen sexu hezkuntza eta orientazio programen falta. Familia harremanerako eredu heterosexualaren «inposizioa». Botere Judiziala eta «bere Polizia etxeetara eta klinika pribatuetara sartu eta emakumeen historia eta bizia bahitzen duena».
Abortu libre eta doakoaren aldeko borroka mugimendu feministako taldeen «oinarrian» dago, eta «aspalditik datorkigun eskubide» hori babesteko, espazio publikoa berreskuratzea erabaki dute. «Ez gara isilduko. Ez gaituzte isilduko», baieztatu, eta manifestaziora joateko eskatu diete euskal herritar guztiei.
Deialdiarekin bat egin dutenetako batzuk hautetsi independentistak izan dira. Biharko hitzorduaren garrantzia nabarmendu dute komunikatu batean, hainbeste aldiz aldarrikatu duten erabakitzeko eskubidea (gehienetan, herri gisa) berriro aldarrikatuko dutelako, baina kasu honetan emakumeei lotuta, amatasuna libreki erabakitzeko duten eskubideari lotuta.
Hautetsi independentisten ustez, gaur egun eskubide hori ez dago onartuta. Borroka feministaren ondorioz 1985. urtean PSOEk onartu zuen legeak ez du inolaz ere abortua librea eta doakoa izatea bermatzen. Are gehiago, legea onartu zenetik 20 urte baino gehiago pasatu direnean, eskubide hori gauzatzeko aukera gero eta murritzagoa dela pentsatzen dute.
Oraindik orain, legeak berak onartzen dituen abortu kasuak aitzinera eramateko «oztopo» ugari dago, bai sendagileen aldetik bai sare publikoaren aldetik. Hortaz, gehienek zentro pribatuetara jotzen dutela ziurtatu dute hautetsiek.
Eta hori guztia gutxi balitz, Elizaren eta eskuindarren jarrera salatu dute. Euren esanetan, haurdunaldiak nahita eteten dituzten klinika pribatuen kontra jotzen dute, eta milaka eta milaka emakumeen bizitza pribatua erasotzen dute beren eskubide bat praktikan jartzeagatik, abortatzeagatik, hain zuen.
«Zer esan Nafarroari buruz, non abortatu nahi dutenek kanpora joan behar duten?», galdetu dute hautetsi independentistek. Manifestazioa antolatu duten taldeek jakinarazi dutenez, «hemen ezin da abortatu; osasungintza publikoa sendagile klase atzerakoienaren plaza da; ez dira emakumeon eskubideak errespetatzen; giza eskubideak urratzen dira».
Kalera ateratzea, beharrezkoa
Egoera «larri» horren aurrean, hautetsiek beharrezkoa deritzote eskubideak babesteko kalera ateratzeari eta Iruñean izanen direla iragarri dute, mugimendu feministarekin batera, hainbat salaketa egiteko. Euskal Herrian abortatzeko eskubiderik ez dagoela kritikatuko dute, emakumeek ezin dituztela beren gorputzen inguruko erabakiak hartu eta, beraz, eskubideak ez direla errespetatzen.
Ekimenean parte hartuko dutela ziurtatzeaz gain, hautetsiak herritarrengana zuzendu dira eurek ere gauza bera egin dezatela eskatzeko. Abortu librea eta doakoa andre guztiei dagokien eskubidea dela aldarrikatu du-te. «Ez apezpikuek, ez epaileek, ez sendagileek ezin dute emakumeen erabakien kontra jo. Ezta PSOEko Gobernuak ere», gaineratu dute.
Alderdi politiko horrek abortuaren legea aldatzearen kon-tra bozkatu zuen orain dela gutxi. Izan ere, hautetsi indepen- dentisten arabera, «hauteskunde garaietan soilik gogoratzen ditu PSOEk emakumeek dituzten eskubideak».
Bihar, PSOEko Gobernuari, Elizari, epaileei eta sendagileei gogoraraziko diete mugimendu feministak aspaldian sortutako «Geuk erditzen dugu, geuk erabakitzen dugu» leloa.
Ekimenaren antolatzaileetako batek, Plazandreok emakumeen taldeak, Gipuzkoako eta Bizkai-ko hiriburuetatik Iruñera joateko autobusak izanen direla jakinarazi du. Bilbon, San Nicola- setik abiatuko dira arratsaldeko hiruretan, eta izena emateko Bizkaiko Emakume Asanbladara jo beharra dago (944155483 edo amb.bea@gmail.com).
Donostian, Pio XII.aren plazan da hitzordua, Hotel Amara Plaza parean, 15.30ean. Izena Plazandreok elkartean eman behar da (616007370 telefono zenbakia edo plazandreok@gmail.com).
«Geuk erditzen dugu, geuk erabakitzen dugu» izango da bihar Iruñean egingo duten manifestazio nazionalean PSOEko Gobernuari, Elizari, epaileei eta sendagileei helaraziko dieten mezu argia.