GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Sabin Intxaurraga eta Xabier Sarasua (*) Ezkerreko abertzaleak

Estrategia bateratuaren beharra

Elkar ditzagun indarrak gure herriak bakea, askatasuna, giza eskubide guztiak guztiontzat, eta itxaropena merezi dituela sinisten dugunok, hori izango baita modu bakarra aurrera egiteko

Badirudi berriz ere zurrunbilo batean sartuta gaudela, eta bertatik epe laburrean ateratzea ez dela erraz ikusten. Gero eta nabarmenagoa da ordea, aurrera egiteko ezinbesteko baldintza izango dela une oro giza eskubide guztiak eta guztiontzat aldarrikatzea. Giza eskubide ororen alde jarduteak azken aldian gertatu diren bidegabekeriak salatzea eta horien aurrez aurre jartzea exijitzen du.

Salatuz, alde batetik, Espainiako auzitegietatik datozen epai kezkagarriak; izan ere, 18/98 auzian ikusi denez, talde terroristako kide izatea leporatuta zigor gogorra jasotzeko ez delako beharrezkoa erakunde armatuko kide izatea, edo delituren bat egiteko laguntza ematea. Aski da talde terroristako kide izatea egoztea, besterik gabe, hamar urtetik gorako espetxe zigorra ezartzeko. Ez da beharrezkoa delitu zehatzik egin izana frogatzea, nahikoa baita Auzitegiak ETAren helburu politikoren bati mesede egin diozula uste izatea.

Salatuz, terrorismoaren kontrako borrokaren aitzakian Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren torturak ere bai, gero eta argiago ikusten direnak. Duela aste gutxi ikusi ahal izan dugu, berriro ere, Lesakako gazte bik nola jasan behar izan dituzten torturak, Arrasaten Guardia Zibilak atxilotu ondoren.

Salatuz, Espainiako Gobernuak bultzatuta eta Alderdien Legearen babesarekin EAE-ANV eta EHAK legez kanpo utziko dituztela tamalez, Espainiako Gobernuak berak aspaldi iragarri zuen bezala. Dagoeneko eten dituzte bien jarduerak. Eta salatuz, lege hori bera baliatuz, ezker abertzale konbentzionalaren mahai nazionaleko kideak eta gainerako buruzagiak atxilotzea, beren jarduera politiko guztia eragozten.

Salatuz, Paristik agindutako uholde errepresibo indiskriminatu bezain planifikatuak, jomuga izan dutena Ipar Euskal herrian, bai ELB sindikatuko sei artzain laborari, bai aspaldiko urteetan zehar bertako ezkerreko abertzalegoaren eta borroka zibil eta politiko ez-bortitzaren aurpegi ezagunenetakoa Txetx Etxeberri. Muntaia eta probokazio horiei erantzunik egokien eta eraginkorrena etengabeko elkartasuna eta ezkerreko abertzale eta aurrerakoien ildo bateratua sakontzea da, betiere bide ez bortitz baina aktiboak lehenetsiz.

Salatuz, duela aste gutxi Abiadura Handiko Trenaren aurkako ekintza baketsu batean parte hartzeagatik, bi gazte Espainiako Auzitegi Nazionalera eramango dituela Tolosako epaile batek, terrorismoari balizko laguntza eman izanaren salaketapean.

Salatuz, Gasteizko Legebiltzarreko mahaiko kide ohiak diren Atutxa, Knorr eta Bilbaoren aurkako epaia ere bai.

Espainiar Estatuaren eraso politikoak eta juridikoak areagotzen ari dira. Benetako oldarraldi baten aurrean gaudela esan dezakegu, aste gutxitan oso gertaera larriak jazo baitira. 18/98 sumarioko epaiak ageriago uzten du PSOEren Gobernuak PPk irekitako bideari heldu diola. Geroztik, tresna judizialen erabilpen politikoa nabarmen azkartu da.

Euskal herritarrok ez dauzkagu onartuta gure eskubide zibil eta politikoak Espainiako sistema juridikoan. Edozein euskal herritar epai dezakete, arrazoi politikoak direla medio eta argudio faltsuak erabiliz, espetxeratu eta giltzapean utzi. Argi dago: hemen ez dago egiazko zuzenbide estaturik.

Salatu beharra dago ordea, era berean, ETAren bortizkeriazko estrategia. Giza eskubideen aurkako jardun horrek, atsekabea eta gorrotoa sortzen duen jokabide zentzugabea izateaz gain, abertzaletasunaren kontra edozer gauza egiteko «bermea» ematen die PPri eta PSOEri, eta jokabide antidemokratiko horietan indartzen ditu. Horretaz gain, oztopo gaindiezina da alderdi abertzaleen arteko, eta bereziki, ezkerreko abertzaleon arteko lankidetza eta jarduera bateratu baterako.

Elkar ditzagun indarrak gure herriak bakea, askatasuna, giza eskubide guztiak guztiontzat, eta itxaropena merezi dituela sinisten dugunok, hori izango baita modu bakarra aurrera egiteko eta sartuta gauden zurrunbilo etsigarri honetatik irteteko. Salaketatik harago, ordea, eskubide urraketa ororen aurkako jarreran eta horien guztien defentsan topo egin behar dugu. Jarrera horretatik abiatuta, estrategia bateratuak diseinatu beharra daukagu, urraketaz betetako egoera etsigarri hau gainditu ahal izateko eta gure herria oinarrizko eskubideen errespetu eta gauzapenean oinarritutako itxaropen bidean urratsak ematen has dadin.

Bide horretan, eragile politikoekin batera eragile sozialek eta Euskal Herriko gizon-emakumeok ere engaiatu beharko dugu. Konstituzionalistak urruti daude, gaur gaurkoz, oinarrizko jarrera horretatik eta beharrezkoa ikusten da gainerakook elkar hartuta jardutea, gehiengoaren bultzadaz konponbiderako jokalekua eraikitzen joateko.

Horretarako dauzkagun zailtasunez jabetzea da horiek gainditzeko lehen urratsa. PNVren botere-goseak eta urteetako egoera erosoak eta botere-ohiturek bestelako aliantzen aldeko estrategietara eraman dezakete, baldin eta helburu partidistak Euskal Herriaren bake eta normalizazioaren aurretik jartzen baditu. Ezker abertzale konbentzionalak berriz, ikasi behar du Euskal Herrian indarrak bildu beharra dagoela eta denok batera eragin; herritarrek askatasun osoz nahi duten marko juridiko-politikoa erabakitzeko baldintza demokratikoak lortzea dela une honetan eman beharreko urrats historikoa. Eta bi urrats horiek lortzeko -elkarlana eta baldintza demokratikoak- ezinbestekoa dela ETAk indarkeriazko jardun oro behin betiko eteteko urratsa ematea, edo bestela, eragile politiko guztiok hori eskatzea. Gaur egun bizi duen egoera diskriminatzaile eta bidegabea kontuan hartuz, laguntza eskaini beharko zaio bide horretan, lehen urratsak berak emateko zain egon gabe. Horregatik, egiazko konponbidearen alde dauden gainerako alderdiek ere ezin diote egoera larri honetan erakundeetan edota mapa politikoan beren bidea egiteari lehentasuna eman, egoera eroso batean geratzen, eta ekimenak edo lehen urratsak beste batzuena izan behar duela pentsatzen.

Behin oinarrizko jarrera horretan bat egiteko gai izanez gero, konfrontazio politiko-demokratikoaren bideari indar guztiz ekin beharko diogu, estrategia bateratu baten bidez, gizarte-eragileen eta herritarren parte hartze zuzenari ere leku eginez. Bide horretan, desobedientzia zibila herritarrek zein erakundeek erabili beharreko tresna garrantzitsua izan beharko da. Has gaitezen, bada, lanean. Orain.

(*) Patxi Azparrenek eta Andde Sainte-Mariek ere sinatzen dute artikulu hau

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo