Beste sei hilabetez luzatu du su-etena al-Sadr mugimendu xiita irakiarrak
Mahdiren Armadaren su-etena beste sei hilabetez luzatu du azkenean Moqtada al-Sadr irakiar buruzagi xiitak, indar okupatzaileek eta bere kide irakiarrek errespetatu ez badute ere. Erabaki taktiko honekin jarraitzea besterik ez du orain mugimenduak. Gero gerokoak.
GARA |
Moqtada al-Sadr buruzagi xiitak sei hilabetez luzatu du bere mugimenduko miliziaren su-etena. «Mahdiren Armadaren operazioen etenaldia Chaabane hilaren 15era arte luzatzen dut», iragarri du Moqtada al-Sadr-ek Kufa hiriko imamak atzoko otoitzean irakurri zuen idatzi baten bidez.
Su-etena egutegi gregorianoan abuztuaren 17ra bitartean luzatzeko erabakia azaltzeko, «nik ezin ditut kriminalen krimenak babestu, ezta bekatarien bekatuak ere», azaldu zuen al-Sadrek. Profetaren tradizioaren oinarriei jarraituz eratu nuen nik armada hau», gaineratu zuen, mugimenduaren barnean, baina beren kabuz, dabiltzanen aurka gogor eginez.
Kufan bizi da agintari xiita, baina bere mezua Mahdiren Armada osatzen duten 60.000 milizianoei, eta gero eta oihartzun handiagoa duen al-Sadr mugimenduaren jarraitzaile orori helarazi zien mezkitetan otoitza orduan.
Najafeko liskarren ondorioa
Abuztuaren 29an iragarri zuen alde bakarreko su-etena, Kerbala hiri santuan xiiten arteko liskar odoltsuen ostetik. Najafeko Hawzak (xiiten agintari erlijiosoen batzarra) eta al-Sistani aiatolak dei egin zioten orduan Moqtada al-Sadri bere milizia-lerroak diziplinatu zitzan. Horrez gain, hauteskunde probintzialak antolatzeko erabili du su-etena al-Sadr mugimenduak.
Armada okupatzailea eta gainerako talde armatuak, xiitak nahiz sunitak, erasotzeari utzi egin dio ordutik hona Mahdiren Armadak. Hala ere, horrek ez du bere aurkako erasoak ekidin. Al-Sadren 1.000 inguru kide atxilotu dituzte hilabete hauetan AEBetako Armadak eta ASRII talde xiitako Badr brigadek.
Gobernua xiitak «ez du su-etena errespetatu eta gure kideak hil, atxilotu edota torturatu egin du», salatu du Falah Hassan Chachal diputatuak. Egoera honek haserrea piztu du mugimenduaren barnean, eta su-etena, behingoz, bertan behera uzteko eskaerak ozen entzun dira azken asteotan.
Etxe Zuriak pozik hartu du al-Sadren iragarpena. Ez da gutxiagorako. Izan ere, su-eten honek zerikusia handia izan du estatubatuar soldaduen aurkako erasoen murrizketa nabarmenean.
Moqtada al-Sadren nahiak errespetatu egiten dira mugimenduan, baina haserrea ez da baretu. «Barkatu bai, baina guk ez dugu sekula ahazten», ohartarazi du Chanchal diputatuak.
Falujah hiriko mezkita babesten zuen Armadaren kontrol baten aurkako eraso-suizidaren ondorioz lau pertsona hil ziren atzo. Soldadu estatubatuar bat ere hil zen al-Anbar auzoan.