GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Sokatira Munduko Txapelketa

Abadiñok eta Badaiotzek urrea golkoratu dute

Bizkaitarrek gizonezkoen 600 kilotan lortu zuten lehen postua, eta arabarrek, emakumezkoen 480 kilotan. Gainerako euskal taldeek ere lan ona egin zuten.

p050_f01_148x112.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Kluben arteko Munduko Txapelketako azkeneko jardunaldia ezin hobea izan zen euskaldunentzat, bi urrezko domina lortzeko modua egin baitzuten. Abadiñoko mutilek 600 kilotan lortu zuten, eta Badaiotz taldeko, neskek, berriz, 480 kilotan.

Bi pisu horietan itxaropen handiak zituzten euskaldunek, eta ez zuten hutsik egin, eta mailarik gorenean aritu ziren bi taldeak. Badaiotz izan zen urrea lortu zuen lehen taldea. Urdinak, 480 kilotan aritu ziren. Hiru talde besterik ez ziren izan lehian. Bezperan, 520 kilotan, itxura aparta eman zuten txinatarrek, eta japoniarrak ez ziren lehiatu, baina horrek ez dio Badaiotz taldeari inongo meriturik kentzen, Mundialean izan zen azkeneko aldian ere urrea lortu baitzuen pisu honetan.

Saioko tiraldi guztiak bereganatu zituzten arabarrek, eta amaieran ongi merezitako urrezko domina jantzi ahal izan zuten. Bigarren postuan, Glensofantim taldekoak sailkatu ziren, Ipar Irlandarrak. Hirugarren,Caguerreweif izan zen, Hegoafrikoa, amaitu zuen.

Atzoko bigarren urrezko domina Abadiñok eskuratu zuen. 600 kilotan neurtzen ziren, eta euskal talde mordo bat aritu ziren bertan. Aurretik ere itxaropen handiak ziren euskaldunekin pisu honetan, eta ez zuten hutsik egin. Abadiñok ez zuen inoiz urrea lortu. Bigarren eta hirugarren postu ugari zituzten lortuak, baina atzo heldu zen amesten zuten Munduko Txapelketa ere.

Berdeek lan bikaina egin zuten. Pisu honetako talderik onena izan zen. Saioko tiraldi guztiak irabazi egin zituen; eta horrela, zaila da urreak ihes egitea. Lehen fasean, talde guztiak menderatuta, final-laurdenetara heldu ziren. Han ere aurrerapausoa egin zuten, eta finalerdietan Mountaing talde irlandarrarekin neurtu ziren. Hor ere bi tiraldiak lortu eta finalean sartu ziren.

Han, beste talde irlandar bat zuten zain, ST. Pats talde ezaguna. Haiekin ere, ez zuten hutsik egin, eta urrea golkoratu zuten. Beraz, amaieran, Abadiño txapeldun, bigarren St.Pats (Irlanda) izan zen; hirugarren Mountaing(Irlanda) eta laugarren Laguerrewif (Herbehereak). Pisu honetan gainerako hiru euskal taldeak ere aritu ziren. Berriozarrek eta Ñapurrakek lan txukuna egin zuten, baina ez zuten lehen fasea gainditzeko modurik izan. Baionak, aldiz, tiraldi bakarra irabazi zuen.

Azkenik, 680 kilokoa jokatu zen, eta han Ñapurrak taldea aritu zen. Ezpeletakoak lau talde menderatu zituzten, eta hirurekin galdu zuten, baina ez zuten final-laurdenetarako biderik egin ahal izan.

Txapeldun, berriz, It Oheidenski taldea (Herbehereak) izan zen. Bigarren, Rands Woodebi (Ingalaterra); hirugarren Parrega (Herbehereak) eta laugarren Tornaja (Italia).

Nazio mailakoa

Gaur nazio mailako Munduko Txapelketa abiatuko da, eta bertan Baiona eta Ñapurrak arituko dira. Frantzia ordezkatuz arituko dira, Euskal Herria bezala aritzeko baimenik ez baitute. Ondorioz, Hego Euskal Herrikoak ez dira arituko.

Lehen jardunaldi honetan, 560, 640 eta 520 kiloko taldeak neurtuko dira, eta bihar, berriz, 600, 680 eta 480koak. Ñapurrak taldeak zail izango du klub mailan lortu ez duena, nazio mailan lortzeko.

Nazio mailakoa

Gaur eta bihar nazio mailako txapelketak jokatuko dira, eta hor izango dira Ñapurrak eta Baiona. Biak, ordea, Frantzia ordezkatuz arituko dira. Hego Euskal Herritik inor ez da arituko bi egun hauetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo