Avironek irabazi beharra du bosgarren jarraitzeko
J.L. | BAIONA
Avironek Albi hartuko du gaur 17.30etik aurrera Jean Dauguer zelaian.Zuri-urdinek garaipena behar dute bosgarren postu horri eutsi ahal izateko, bestela gaurko aurkariak aurrea hartuko baitio.
Zuri-urdinak oso joko bolada onarekin daude, batez ere etxean jokatzen dutenean, izan ere, Jean Dauguerretik kanpo, ezinean ibiltzen baitira. Hala ere, etxean oso talde sendoa eta indartsua da, ez da kasualitatea bosgarren postu horretan egotea.
Albi bederatzigarren postuan dago, baina zuri-urdinak baino hiru puntu gutxiago bakarrik dituzte. Ondorioz, Avironek gaur etxean galtzen baldin badu, Albik aurrea hartuko dio. Horregatik, sekulako garrantzia izango du gaur lau puntuak batzeak, horrela, Albi atzean utziko baitu, eta bosgarren postu horri sendo eutsiko lioke. Bihar, Biarritzek galduko balu, gainera, laugarren postua ere gertu izango lukete, gehienez ere hiru puntura jarriko bailitzaieke.
Avironek ez dauka hamabostekoa erabakita, baina deialdia atzo eman zuten ezagutzera, honako hau izango da: Igiñiz, Lafont, Roumieu, Hegi, Fiorini, Loprest, Luinde, Lafitte, Tewhata, Springgay, Marmouyet, Massabeau, Bernard, Deen, Lopez, Salle, Cannes, Edmonds, Larrextea, Dourthe, Gower, Lhande, Elhorga, Gerber eta Peyras.
Biarritzek, berriz, etzi jokatuko du 15.00etatik aurrera Bourgoinen zelaian. Frantziarrak hamaikagarren postuan daude, eta zuri-gorriek ez lukete hutsik egin behar han garaipena lortu, eta laugarren postu hori sendotu ahal izateko.
Biarritzek, ordea, baja ugari izango ditu. Min hartutakoez gain, Sei Nazioetako Torneoa dela-eta, hainbat selekziotan ditu jokalari asko, eta hori ere nabaritu egingo dute.
Hala ere, biharko partidarako, hamabostekoa erabakita dago, eta honako hau izango da: Balan, Noirot, Moala. Carizza, Couzinet, Crevy, Malonmga, Harinordoki, Dupuy, Bosch, Ngwenya, Lison, Faafali, Bidabe eta Brusque. August, Coetzee, Cronje, Dridi, Peyrelongue, Marlu eta Bolakoro, berriz, aulkian geratuko dira
Euskal derbia
Liga Federalean, Lehen Mailan, euskal derbia izango da bihar bazkalostean, 15.00etatik aurrera Baigorriko zelaian. Han, Nafarroa eta Maule taldeak neurtuko dira, jaitsierako ligaxkako lehen jardunaldian. Donibane Lohizunek, berriz, igoera fasea jokatu behar du, baina hauek hemendik bi aste barrura arte ez dute ligaxka abiatuko.