GARA > Idatzia > Pilota

Binakako Txapelketa

Hamazazpigarrenean aidanez

Finalerdietarako sailkatzeko, Aimar Olaizolak eta Oier Mendizabalek 17 tanto egitearekin nahikoa dute

p053_f02_097x088.jpg

Aritz SORZABAL | DONOSTIA

Txapelketako finalerdiak jokatzeko eskubidea ematen duten bi txarteletatik bat -beste biak aspaldi banatu ziren- gaur banatu daiteke Labriten (18.00, Tele5). Hain zuzen ere, Aimar Olaizolak eta Oier Mendizabalek hamazazpi tanto egitearekin nahikoa izango baitute sailkatzeko. Gainera, aukerarik gabe dauden Xala eta Iñigo Pascual izango dituzte aurkari. Horrenbestez, hamazazpi tanto horiek lortzeko ez ezik, Asegarcekoek partida irabazteko aukera handiak ere badituzte.

Aimar Olaizola gero eta hobeto dagoela kontuan hartuta, faborito garbiak dira Goizuetako eta Añorgako pilotariak. Dena dela, pilota aukeraketa egunean, nafarrak nabarmendu zuen norgehiagokak ez direla aldez aurretik irabazten. «Gu irabaztera irtengo gara, 17 tanto gutxienez egin behar baditugu ere. Beraiek ere irabaztera irtengo dira. Kanporatuta dauden arren, oso bikote sendoa osatzen dute», esan zuen. Lesionatuta dagoen Oier Zearraren ordez jokatzen ari den Mendizabali buruz ere hitz egin zuen. «Pozik nago nire atzelariarekin. Ezkerretik oso ondo ateratzen du pilota, eta aurrean pilota uzten diodanean atzera ematen du erraz», erantsi zuen Aimar Olaizolak.

Aurrean izango dituzten aurkariei dagokienez, kanporatuta dauden arren, dena emango dutela aurreratu zuten. «Partida irabaztera irtengo gara», ziurtatu zuen Pascualek. «Txapelketa gogorra izan da, batez ere atzelarientzat, su eta gar ibili behar izan baitugu. Uste dut Mendizabal txapelketa honetan gehien irabazi duena izan dela. Botere handiko pilotaria ez izan arren, ezker ederra dauka eta pilotari peto-petoa da», adierazi zuen.

Asperen 10. urtemuga

Bestalde, gaur hamar urte betetzen dira Aspe pilota munduan bete-betean sartu zenetik. 1998. urteko otsailaren 23an izan zen hori. Ordura arte, Asegarce zen pilotan zebilen enpresa bakarra.

Aurpegi ezagunenen artean, orduan 29 urte «bakarrik» zituen Titin izan zen Aspera joan zen lehena. Bide hori ere Capellan, Berna, Otxandorena, Elkoro, Eugi, Lasa, Mikel Goñi, Goñi III eta Etxaniz pilotariek hartu zuten ondoren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo