iurbentia bilbao basket
Bilbotarrentzat Sevilla izango da beren markarik onena ezartzeko plaza aproposa
J.O. | BILBO
Martin Rancik eta Lucas Reckerren hutsune garrantzitsuak betetzeko ordezkorik topatu ez duten arren, Iurbentia Bilbao Basketeko jokalariek gaur bertan, Sevillan, hautsi nahi dute liga erregularrean inoiz lortu duten garaipen errekorrik onena. Manel Comasen taldea arerio gogorra izango bada ere, San Pablo udal kiroldegia, berez, ez da kantxa txarra beltzezko gizonentzat, azken bi urteetan bertan irabaztea lortu baitute, 74-81 eta 73-96 emaitzekin.
Orain arte bezala, defentsa lan zorrotza izango da bilbotarren armarik eraginkorrena, uste baino makalago ari den taldearen aurka. Udan taldea eraberritu eta diru asko xahutu arren, Cajasol sailkapeneko behealdean kokatu da, eta jasandako azken bi porrot horien ostean behar-beharrezkoa du garaipena.
Manel Comas eta Elmer Benetten etorrerarekin taldeak hobera egin du, baina azken partidan oso itxura eskasa eman zuen, eta ezin izan zuen denboraldi osoan etxetik at garaipenik lortu ez duen Canariasen aurka.