Carlos Zabalak «La familia del chivo Froilán» antzezlana zuzenduko du Barakaldon
Carlos Zabalak zuzentzen du «La familia del chivo Froilán», Jesus Bonilla telebistako aktore ezagunak antzerkirako idatzi duen lehen lana. Barne migrazioari buruzko tragikomedia da Barakaldon aurkeztuko duena.Izaskun LABEAGA | BILBO
Gabonak dira. Antzina jendez gainezka egon ohi zen errepideko taberna, autorik gabeko bide bazterreko etxe bakartia da autobide berria ireki zutenetik. «Hemendik denbora ere ez da pasatzen», dio hantxe bizi diren emakumeetako batek. Ahuntzain bat dute bisitari bakarra, Madrildik datorren gazte dotore bat agertzen den arte.
Espainiar Estatuko geografian zehar oraindik aurki ditzakegun herrixken erretratua egiten du ``La familia del chivo Froilán'' antzezlanak. Jesus Bonilla eta Joaquin Andujarrek idatzi dute gidoia. Lehenarentzat antzerki- rako estreinako lana da taula gainean.
Arriabala Producciones eta Tentazioa ekoizpen enpresen lana da. Irailean aurkeztu zuten Chinchilla de Montearangonen (Albacete) eta atzo Leioan eman zuten emanaldiaren ostean, Barakaldon izango dira gaur eta bihar.
Aktoreen zerrendan aurpegi ezagunak daude: Maria Garralon madrildar aktore beteranoa, Juanfri Topera, Carmen Vicente-Arche eta Martxelo Rubio dira lau protagonistak.
Barne migrazioa zein nekazal mundua eta hiriaren arteko gatazka daude ikuskizunaren oinarrian. «Dena modu tragikomikoz kontatua», adierazi zuen atzo Juanfri Toperak Maria Garralonekin batera Bilbon egin zuen agerraldian. Beste gai batzuk ere azaltzen dira, hala nola, hainbat gazteren errealitate diren ilusio zapuztuak, alargunek dituzten arazoak... Ekologiari keinuak jaso dira obran.
Pertsonaia nagusiak «lau galtzaile dira». Maria Garralon eta Carmen Vicente-Arche ama eta alaba dira agertoki gainean. Negozio arrakastatsua zuten tabernari gisa, eta arrosa koloreko ametsak gazteenak. Egun batetik bestera, autobide bat eraiki dute eta beraiek nonbait galduta gelditu dira, bide bazterrean, lokala hutsik dela. «Pertsonaia patetikoak dira eta hortik datorkio obrari umorea», gaineratu zuen Toperak. Bi ekinaldi dira eta hamar minutuko atsedenaldia tartean. Lehen zatian «jendea barrez lehertuko da», iragarri zuen Maria Galarronek; bigarren zatian ere irribarreak irudikatuko dira ikusleen aurpegietan, baina tragediari bide emango zaio.
Gaztelania aberatsa
Hizkuntza bereziki zaindua erabiltzen dute. «Bonillak biziki ondo ezagutzen du nekazal giroa eta oso gaztelera aberatsa erabili du testua idazteko. Pasarte batzuek espainiar antzerki klasikoa ekartzen dute gogora, Valle-Inclan edo Camilo Jose Cela», aipatu zuen Oñan (Burgos) jaio, baina aspalditik Gipuzkoan bizi den aktore ezagunak.
Obra honekin oso aukera «polita» eskaini dietela esan zuen Maria Galarronek. Taula gainean dantza egiten dute eta abestu egiten dute, «eta nekagarria bada ere, gozatu egin dugu, entseguetan batez ere».
Carlos Zabala zuzendariaren lanari buruz esan zuen begi-bistakoa dela aktorea ere badela; «horrek asko errazten ditu gauzak eta asko laguntzen dizu. Oso ondo daki zer nahi duen», izan ziren aktore madrildarrak zuzendariari eskainitako hitzak.
Lana: «La familia del chivo Froilán».
Gidoia: Jesus Bonilla eta Joaquin Andujar.
Zuzendaria: Carlos Zabala.
Antzezleak: Maria Galarron, Janfri Topera, Martxelo Rubio eta Carmen Vicente-Arche.
Ekoizleak: La Tentacion eta Arriabala Producciones.
Tokia: Barakaldo Antzokia.
Eguna eta ordua: Gaur eta bihar, 20.00etan.