GARA > Idatzia > Kultura

Gaur izango da Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa

GARA | IRUÑEA

Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa gaur izango da Lekunberrin. Hitzordua herriko kiroldegian 18.00tan izango da eta bertan sei bertsolari arituko dira; Iñigo Olaetxea, Joxe Juan Zubieta «Etxabe», Julio Soto, Oskar Estanga, Aritz Saragueta eta Xabier Legarreta.

Azken hau joan den larunbateko Iturengo kanporaketan sailkatu zen, eta gainontzeko bostak iazko txa- pelketan lortu zuten zuzenean sailkatzea.

Lekunberrin arituko diren sei bertsolarien arteko onenak zuzenean lortuko du Elizondoko finalerako txartela, baina gainontzekoak hirugarren finalaurrekoan lehiatu beharko dira. Finalaurreko irabazleez gain, finalaurrekoan puntuaziorik onenak lortzen dituzten bost bertsolariak ere sailkatuko dira fi- nalerako. Oraingoz, Erika Lagomak baino ez du eskuratu finalerako txartela, Lagoma han izango da Iruñeko Txantrea auzoan lortu zuen emaitza onari esker.

Hurrengo lehiaketa martxoaren 1ean izango da Berako Kultur Etxean. Han, Jon Barberena, Migel Mari Elosegi, Eneko Lazkoz, Jon Elizetxe, Juan Mari Lopez eta Ander Fuentes arituko dira. Finala, berriz, martxoaren 15ean izango da Elizondoko Lur Dantzalekuan.

BBK saria

Bestalde, aurreko asteartean hasi zen Bizkaian, bertsolari gazteen XVI. BBK saria. Lehen saioa Igorren izan zen, eta bigarrena, asteazkenean, Busturialdeko Arratzun. Guztira, sei taldek parte hartzen dute lehiaketan, hiru taldeko multzo bitan banatuta; liga moduko bat jokatzen dute elkarren artean. Multzoak honakoak dira: batetik, Bilboaldea, Busturialdea eta Durangaldea; eta bestetik Arratia, Ipar Uribe eta Lea Artibai.

Aipatu beharrekoa da, bertsolarien adina kontuan harturik -bi multzotan sailkatuak:18 urtera artekoak, eta 19 eta 24 urte bitartekoak-, ahal izanez gero, ikastetxeetan egiten dituztela saioak «bertsolariak beren giroan senti daitezen», agertu dute antolakuntzakoek.

Igorreko saioan Arratia eta Ipar Uribe lehiatu ziren, eta azken hauek izan ziren garaile sariketarako lehen puntua eskuratuta. Arratzun, berriz, Busturialdea eta Durangaldea aritu ziren, eta Busturialdeak irabazi zuen, eta honek ere puntu bat eskuratu.

Sailkapenerako beste lau saioetako lehena otsailaren 27an izango da Durangoko institutuan eta Durangaldea eta Bilboaldea arituko dira.

Otsailaren 29an, berriz, Ipar Uriberen eta Lea Artibairen txanda izango da Derioko Txorierri BHI insitutoan; martxoaren 4an Markinako Lea Artibai ikastetxean Lea Artibai eta Arratia izango dira lehian; eta martxoaren 5ean berriz, Bilboaldea eta Busturialdea Bilboko Txurdinagako Gabriel Aresti institutuan egongo dira.

Sariketa honetako final handia Bilboko Kafe Antzokian izango da datorren martxoaren 14an.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo