GARA > Idatzia > Editoriala

Torturari begiratzeko modu desberdinak

Aurreikusita zegoen moduan, atzo goizean, Donostiako Instrukzioko Epaitegian, Igor Porturen tortura auzian inputatutako zortzi guardia zibilek Alfredo Perez Rubalcabaren bertsioa berretsi zuten. Zehatzago esateko, ministroaren azken bertsioa. Baina elementu berriren bat erantsita; esate baterako, azken bertsio ofizialek atxiloketa ordurik aipatu ez zuten arren, inputatuek Portuk, Sarasolak eta lekukoak esandako ordu bera aipatu zuten.

Atxilotuetako bat, saihets bat hautsia, birika bat zulatua eta gorputz osoa kolpatua duela Zainketa Intentsiboetako Unitatera eramana; mediku txosten argigarri bat; hedabideek atxiloketari buruzko datuak etengabe aldatu izana; Barne ministroak bertsioak aldatu eta alde ilunak argitu ezin izana; lekuko baten deklarazioa, bertsio ofiziala goitik behera gezurtatzen duena; atxilotuek, inkomunikatuta, epaileei egindako deklarazioak, lekukoarena berresten dutenak; bertsio eta azalpen guztiak baino adierazgarriagoak diren argazki batzuk; eta azkenik, guardia zibilen deklarazioa. Elementu horiek guztiak ditu mahai gainean epaileak. Elementu horiek berak ditu euskal gizarteak, baina gizarte horrek, tortura kasuak ez zaizkiolarik arrotz, ez du epaiketarik izango denetz erabakitzeko ahalmenik. Epaileak atzo esan zuenez, instrukzioak aurrera egingo du, baina kasua guztiz argitu eta epaituko den ziurtasunik ez du ematen esperientziak; aitzitik, besteak beste, Iratxe Sortzabalen eta Unai Romanoren tortura kasuak gogoan, argi dago espainiar justiziak eta euskal gizarteak ikuspegi desberdinak dituztela.

Epaitegiaren aurrean tortura salatzeko bildu ziren lagunek nekez ulertuko dute zer dela-eta baimendutako beren elkarretaratze hori bukatu baino lehen, Ertzaintza oldartu zitzaien bortizkeria nabarmenez, zergatik ote den ezerosoa tortura salatzea. Edonola ere, egin litekeen irakurketa da Ertzaintzaren atzoko oldarraldiak zerikusia duela abenduaren 1ean espainiar Kongresuan bertako indar politiko guztiek sinatu zuten adierazpenarekin, haren segida izatea. Alegia, Lakuak Madrilgo Gobernuari emandako laguntza politikoaren bigarren partea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo